Juan Karlos Irizarrek beste bi disko ditu kalean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko ira. 23a, 11:00

Uda emankorra izan du Juan Karlos Irizar oñatiarrak; bat beharrean, bi disko argitaratu ditu-eta. Uztailean 'Ospitaleko itsas kabia' kaleratu zuen eta domekan, irailaren 15ean, 'Bihotzaren doinuak' izenduna aurkeztu zuen. Biak ala biak, instrumentalak dira: enkarguzkoa bat, eta Irizarrek Donostiako Poliklinika Ospitaleari egin nahi izan dion oparia da bestea.

Abenduan bihotzeko ebakuntza egin zioten Irizarri Donostiako Poliklinikan. Guztiz errekuperatuta eta osasuntsu dago orain, eta oñatiarrak, ondo baino hobeto zaindu zuten mediku eta erizainei disko bat omenduaz eskertu gura izan die: "Ondo nago orain, bihotzeko balbula bat aldatu didate; bizitzeko bigarren aukera bat eman didate, beraz; eta horregatik, dakidan moduan eskertu gura izan ditut, musika eginez, Donostiako ospitaleko profesionalak".

Hori horrela, 12 doinu instrumental batu ditu Bihotzaren doinuak bilduman. Disko lasaia, barnerakoia eta sentikorra dela dio egileak. Poliklinika Gipuzkoari gainera, Aquariumari ere badagokio lanaren zatitxo bat ere, Irizarrentzako Donostiako lekurik goxoenetakoa dena. Hantxe aurkeztu zuen pasa den domekan, pianoa lagun zuela, kantu batzuk zuzenean jota, 87 urte bete zituen Vicente Zaragueta, Aquariumeko lehendakaria ere entzuten zuela.

Haur gaixoei eskainia

Donostia Ospitaleko Pediatria sailak, Aquariumak eta Laboral Kutxak elkarrekin sortutako proiektuari musika jarri dio Irizarrek. Minbizia edo beste gaixotasun larrien ondorioz ospitalean egonaldi gogorra pairatu duten haurrei zuzendutako bilduma da, beraz, Ospitaleko itsas kabia lana. Etxetik atera ospitalerantz, beldurra eta itxaropenaren sentimendu nahasiak, ospitaleko egonaldia, sendagile eta erizainekin sortutako harremanak; egoera horiek guztiak jaso ditu oñatiarrak, bederatzi doinutan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak