Lehenengo ariketan alde nabarmenarekin zeuden lehenengo postuan Irikin eta Xintxo; 14 puntu ateratzen zizkieten Alustiza eta haren txakur Bati. Bigarren ariketa, baina, ardiak eskortan sartzekoa, bikain egin zuten Alustizak eta Batek eta lehenengoaren eta bigarrenaren aldea nabarmen gutxitzea lortu zuten. Azkenean, 437 punturekin, Iparraldeko Jean Paul Irikin eta Xintxo gelditu ziren lehenengo. 433rekin, Antonio Alustiza eta Bat.
Jean Paul Irikin pozik agertu zen, Iparraldeko bikote batek azkenengoz irabazi zuela 21 urte pasatu diren honetan. Txapela, besarkada batekin, Fermin Mihuriri eskaini gura izan zion. Hura da Iparraldeko artzain txakur txapelketen antolatzailea eta gaixo dago. Lehen baino lehen, berriz ere bueltan egoteko animoak bialdu zizkion Irikinek Oñatitik.