Gaztelekuko lehen kontzertuan, oñatiarrak Ruperren ondoan

Leire Kortabarria 2013ko ira. 21a, 14:33

Oñatiko gaztelekua bete egin zuten adin guztietako entzuleek bart gauean Ruper Ordorika kontzertuan entzuteko. Agindu bezala, "sorpresak" egon ziren: laster argitaratuko duen diskoan (Azukre koxkorrak) dauden bertsio pare bat, bisak eta eskaerak.

Ruper Ordorikarendako "ederra" da Oñatin jotzea; hiru urtean behin egiten du hala, eta aurten, gainera, lehenengo aldiz jo du Gaztelekuan. Kantautorea pozik azaldu da, bai kontzertuak izan zuen harrerarekin, baita lekuaren baldintzekin ere.

Sasoi guztietako kantuak jo zituen, baina gehienbat azken diskokoak (Hodeien azpian) eta horren aurreko berrienetakoak ere. Kontzertuak luze jo zuen, bisak, eskaerak eta sorpresak ere egon zirelako. Hain zuzen, oñatiarrez kantatutako Kortaturen Sarri, sarri, eta Mikel Laboaren Maite ditut bazterrak bertsioak jo zituen lehenengo aldiz.

Onartu digunez, jotzen dabilenean ez da publikoari begira egoten, baina hala ere ikusi zuen adin desberdinetako jendea batu zela, gazte asko ere bai, eta honakoa dio: "Ez dut aurreiritzirik izaten. Publikoa aldatu egiten da, eta denetarik egoten da". Hala ere, bazekien lagunak izango zituela entzuten: "Lagunek ikusten zaituzte beste era batera, egunero ondoan edukitzen dituzulako". Bestalde, Oñatiko eta leku guztietako publikoak "begirune handiarekin" hartzen duela esan du, baina "erantzukizun berezia" dela "ezagunen aurrean jotzea" eta "sentimendua desberdina" dela herrian jotzen duenean.

300 sarrera baino gehiago

Gaztelekuak baldintza ezin hobeak eman zizkion horretarako Ruper Ordorikari, eta bera pozik azaldu da kontzertuaren emaitza teknikoarekin. Gaineratu duenez, "Oñatik badauzka areto asko, eta hori luxua da".

Antolatzaileak, gaztelekuko arduradunak ere oso pozik daude kontzertuak izan zuen erantzunarekin: 300 sarrera baino gehiago saldu ziren, aretoa lepo bete zen eta, une baten, ateak itxi behar izan zituzten jende gehiago ezin zelako sartu. Arrakasta borobila, beraz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak