Biharko haurren danborradan karroza irtengo da berriz ere

Txomin Madina Milikua 2013ko ira. 20a, 18:06

150 neskatila-mutiko inguruk danbor hotsez beteko dituzte bihar arratsaldean Oñatiko kaleak, eta aurtengo berrikuntza da hainbat urteren ostean aurten berriz ere karroza bat irtengo dela danborradan.

Urtero legez, 18:00etan abiatuko da bihar umeen danborrada. Ibilbidean ere ez da aparteko nobedaderik egongo: Santa Marina plazatik irtengo dira neskatila mutikoak, eta herriko erdiguneko kaleetan ibili ostean, Foruen plazan amaituko dute. 

Aurten zortzi eta bederatzi urte bitarteko 150 neskatila-mutikok hartuko dute parte bertan: danbor jotzaileak lau konpainiatan banatuta irtengo dira, eta honetaz gainera, inudeek, sukaldariek, gastadoreek eta banderadunek ere ez dute hutsik egingo. Urgain eskolakoei egokitu zaie aurten zaldun moduan irtetea, eta Haritz Arregi eta Garazi Amilleta izango dira zaldi gainean ibiliko direnak.

Karrozaren itzulera

Bihar, gainera, azken urteetan galduta egon den ohitura berreskuratuko dute. Izan ere karroza bat ere egongo da danborradan: Potx eta Motx herriko pailazoen karroza, hain zuzen ere. Antolatzaileen esanetan gainera, baliteke danborradara pailazo jantzita irteten direnek ere karrozara igotzeko aukera izatea. Hala, ikusleak mozorrotuta joatera animatu dituzte.

Arropei dagokienez, danborradako parte hartzaileek urriaren 3an bueltatu beharko dituzte, 19:00etatik 20:30era, Errekaldeko lokalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak