"Hiru urtean behin Oñatira etortzea ederra da"

Ubane Madera 2013ko ira. 20a, 16:00

Estreinaldia du Ordorikak jaioterriko gaztelekuan gaur ( egubakoitza, 22:30), eta pizgarri berezia ematen dio horrek oñatiarrari: "Uste dut areto polita dela; beste guztietan ibilia naiz, eta aurten antolatzaileen asmoa izan da bertan egitea, eta ondo ikusten dut. Askotan egon naiz han entzule moduan, ia bada zela irteten den. Badakit eserlekuak jarriko direla, eta nik uste dut garrantzitsua dela, nahi duenak zutik, nahi duenak eserita, baina behintzat egon dadin aukera era guztietara entzuteko".

22:30ean hasiko duen emanaldia ordubete pasakoa izango dela aurreratu du kantautore oñatiarrak, eta bereziki azken diskoko (Hodeien azpian, 2011koa) kantuak interpretatuko dituela, nahiz eta era berean, ateak zabalik laga dituen berezitasun edo sorpresendako: "Gaurko kontzertua lotzen dugu azken diskoarekin, Oñatin eta inguruetan ez garelako ibili hori jotzen. Baina osatuko dugu asko sasoi ezberdinetako kantuekin". Izan ere, Ruper Ordorikak esandako moduan, badira hiru urte Oñatin egon ez dela.

Ondo pasatzea helburu

Eta hain justu, horrek berorrek (kontzertua Oñatin izateak) izango du eraginik gaurko emanaldian: "Hiru urtean behin Oñatira etortzea ederra da, eta horri begira gatoz gehiago, birari begira baino", aitortu du musikariak. "Beti jartzen dugu burua ondo pasatze aldera, eta ahal bezain ondo egitera gure partea jendeak ere ondo pasa dezan. Baina aspaldiko esana da inor ez dela profeta bere herrian… dena den, aspaldiko gauza da, baita ere, jendeak normaltasunez hartzen nauela, zorionez, eta ondo pasatzen dugu. Bestalde, noan tokira noala, gustuko izaten dut behintzat kantuen arteko berbak, lotura ezberdinak tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta egitea, eta Oñatin zeresanik ez. Bestalde, horrez gainera, litekeena da kantu bereziren bat ere egitea… sorpresa moduan utziko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak