'Zuk ekarri, zuk jan', San Migel jaietako berrikuntzen artean

Irati Goitia 2013ko ira. 13a, 17:08

Gero eta gutxiago falta da txantxikuaren jaitsierarako eta jaietarako egitaraua prest dago dagoeneko. Hainbat berrikuntza izango dira. Hala ere, jaiei hasiera ofiziala eman aurretik, hainbat ekitaldi izango dira; besteak beste, haurren eguna domeka honetan, Ruper Ordorikaren kontzertua gaztelekuan irailaren 20an, eta kirol hitzorduak, haurren danborrada eta artzain txakur txapelketa hurrengo asteburuan.

Gaur aurkeztu du Udalak jaien egitaraua eta ordezkariek adierazi dute  herri elkarte eta eragile ezberdinekin elkarlanean egin dutela. Gaineratu dute saiatu direla adin guztietarako herritarrak gozatzeko moduko jaiak antolatzen, emakumeen presentzia handitzen eta jaiak herriko txoko ezberdinetan banatzen. Hala, azken urteetan bezala, hiru gune nagusi izango dira jaietan: Foruen plaza, Atzeko kale eta txozna gunea. "Horiez gain, umeendako gunea Etxaluze izango da eta Portuko plazatxoan ere esperientzia txiki bat egin gura dugu, umeendako jaien hasiera hortik bideratuz", zehaztu du German Meabebasterretxea kultura teknikariak.

Berrikuntzak

Jaietako berrikuntza nagusienen artean dago, familiendako bazkaria. Txantxikien egunean izango da, irailak 30. "Musika eta magia saioez lagundutako bazkaria izango da. Gaztelekuak mahaiak eta eserlekuak jarriko ditu eta norberak eraman beharko du jatekoa", azaldu du Nerea Zubia kultura zinegotziak. Modu berean, gaztetxoendako afaria egongo da Egun Morean, urriak 4.

Errosaixo Egunean izango da beste berrikuntza bat. Piroteknia ikuskizun ibiltaria egingo da postetxetik Foruen plazara. Horren harira, hainbat ohar eman dituzte udaletik: kalejiran parte hartu gura duten herritarrei arropa bakeroa eta txapel bat janzteko eta segurtasun eremuak errespetatzeko. Bestalde, ibilbidean dauden komertzio eta atariak babestuko ditu Udalak. Gogoratu dute baita 16 urtetik beherako inork ezin duela sokamuturrean parte hartu.

Txartelak eta zapiak

Herri Eguna urriaren 5ean izango da. Urtero moduan, kiroldegian egingo da herri bazkaria eta txartelak, irailaren 23an jarriko dituzte salgai herriko taberna hauetan: Izarraitz, Boga, Olakua, Arrano eta Oñati. Txartel bakoitzaren prezioa da, 19 euro. Aurten, Oñatiko Gure Esku Dago taldeak egingo ditu zerbitzari lanak.

Jaietako zapiei dagokienean, aurtengoak ezberdinak izango direla aurreratu du kultura zinegotziak gaurko prentsa agerraldian. Oraindik, baina, zehazteke dute noiz jarriko dituzten salgai.

Lezuri Ormazabal

Lezuri Ormazabal izan da jaien egitarauko azal lehiaketako irabazlea. 13 lan aurkeztu dira helduen sailean eta sei haur eta gaztetxoenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak