Alvarez de Eulate margolariaren omenezko jardunaldiak zapatuan Arantzazun

Imanol Beloki Unamuno 2013ko ira. 12a, 14:15

Zapatuan, hilak 14, izango da Xabier Alvarez de Eulate margolariaren omenezko txapelketa, Arantzazun. Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur fundazioak antolatu dute, eta, hain zuzen ere, Arantzazuko basilikaren beirateen sortzailea omendu nahi dute. Bada, txapelketa hori antolatuta, Arantzazuko basilikako muralaren egile Lucio Muñozen omenez iaz ospatu zen 50. urteurrenari jarraipena eman nahi diote.

Frantziskotar artistaren omenezko txapelketan hiru kategoria egongo dira: haurrena (11 urte artekoak), gazteena (12 eta 16 urte artekoak) eta helduena (16 urtetik gorakoak).

Parte-hartzaileek txokoak, paisaiak edo Arantzazuko santutegi inguruko monumentuak margotzeko aukera izango dute. Hori bai, bakoitzak margolan bat bakarrik aurkeztu ahal izango du, teknika librea erabilita.
Txapelketarako izen-ematea Gandiaga Topaguneko kulturgunean izango da, 10:00etatik 12:00etara. Eta margolanak, berriz, 17:00etarako bukatuta izan beharko dituzte parte-hartzaileek.

Jardunaldiak hasteko, mahai-ingurua egingo dute Alvarez de Eulateren eta bere lanen gainean. Horretarako, Edorta Kortadi, Miguel Angel Alonso, Iñaki Urrizelki eta Juan Mari Martinez de Ilarduia izango dira hizlari.

Sari bikainak

Sariei dagokienez, helduen kategorian hiru banatuko dituzte: lehenengo saria 1.500 euro izango da; bigarren saria, 750 euro eta diploma; eta hirugarrena, 400 euro eta diploma. Eta gazteen eta haurren kategorietako irabazleek, berriz, margotzeko material sorta bana jasoko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak