Euskaltegiak zabalik du matrikulazio epea

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko irailaren 9a

'Emaiozu euskarari!' lelopean hasiko du ikasturte berria Udal euskaltegiak. Diru-laguntzak, sari eta beka sistema bereziak eskainiko ditu 2013-2014 ikasturtean.

Udal euskaltegiak sariak eta laguntzak eman dizkie ikasleei azken urteetan, eta aurten ere horixe egingo du. Horrela, %90eko asistentzia izan duten herrian erroldatutako ikasleei matrikularen erdia edo hiru laurdena itzuliko die, langile, ikasle edo langabetuak diren kontuan hartuta. Azken ikasturtean euskaltegian aritu ziren 21 ikaslek udalaren diru laguntza jasoko dute: horietako batek matrikularen %75a jasoko du, eta gainerakoek, %50a. Iraupen luzeko langabetuek doan dute euskaltegiko matrikula. Horretaz gain, sari berezi bat banatzea erabaki du gobernu taldeak: matrikulatuen artean zozketa egingo da eta saridunak matrikula doan izango du.

Eskaintza zabala

Aurrekoetan bezala, ikasturte berriko eskaintza zabala izango da Udal euskaltegian. Erritmo eta ordutegi ezberdinetako ikastaroak emango dituzte. Euskalduntze eta alfabetatze ikastaro ugari izango dira. Horien artean: homologatutako  hizkuntza eskakizun ezberdinak lortzeko ikastaroak, EGA prestatzekoak, etorkinei ongietorria eginez "aisa" izenekoa, ostalaritza edo merkataritzan dihardutenei zuzendutakoak edo Oñatiko euskara lantzen duena. Autoikaskuntzako programak eta bestelako ekintza osagarriak ere eskaintzen ditu Bedita Larrakoetxea euskaltegiak. Gainera, zenbait azterketa ofizial bertan egin daitezke.

Hilaren hasieran zabaldu zuten matrikulazio epea, eta irailaren 20ra arte eman daiteke izena edozein ikastarotan. Hauxe da telefono zenbakia: 943 78 24 96.

Berbalagun egitasmoa

Bestalde, Berbalagun egitasmoan parte hartzeko esku orriak banatu dituzte etxez etxe. Proiektu horrek euskaldun zahar eta berriak talde txikitan batzea du helburu, euskaraz jarduteko. Interesa duenak izena eman dezake dagoeneko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak