Etxean geratu da Jose Luis Agirreren omenezkoa

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko ira. 7a, 22:21

Aloña Mendik 1-0 irabazi dio Erandiori Jose Luis Agirreren omenez jokatu den lagunartekoa. Partidu hasieran omenaldi xumea egin diote Agirre zenari: haren emazte Manttoni, Mikel eta Joseba semeak eta bilobak zelai erdira irten dira eta lore sorta jaso dute Iker Olalde Aloñako kapitainarekin eskutik. Partiduak balio izan du datorren astean hasiko duten ligan taldeak ze maila izango duen ikusteko.

Omenaldi xumearekin hasi dute partidua gaur arratsaldean Azkoagainen. Han izan da, bi taldeetako ordezkariez gain, Euskadiko Futbol Federazioko presidente Luis Mari Elustondo. Lore sorta jaso dute Manttoni, Mikel, Joseba eta bilobek. Ondoren norgehiagoka hasi da.

Azkoagainera ez dira ikusle asko joan; hala ere, nabarmentzekoa da Erandiotik etorri den hooligan taldea. Euren taldea animatzen ibili dira denbora guztian.

Hasierako hamaikakoa

Aginagalde, Igarzabal, Olalde, Markinez, Irizar, Zubia, Juaristi, Zelaia, Barrionuevo, Ugarte eta Lizarra izan dira Aloñako hasierako hamaikakoan. Iker Olaldek min hartuta partidua utzi du lehenengo zatian; haren ordez, Endika Ruiz zelairatu da.

Lehenengo zatian atera gehiagotan iritsi da Erandio. Hainbat gol aukera izan ditu, horietako bat falta bidez, baina Erandioko jokalari Ugutzek kanpora bota du jaurtiketa.

Bi jokalari gutxiagorekin

Bigarren zatian erabat aldatu du taldea Andoni Azkargorta Aloñako entrenatzaileak. Agirre, Etxeberria, Ruiz, Lazkano, Azurmendi, Astigarraga, Garmendia, Moreno, Uribetxeberria, Bikuña eta Irizar irten dira zelaira. 20. minutuan sartu du gola Aloñak. Unai Uribetxeberria izan da golegilea. Handik gutxira partidua erabat nahastu da. Erandioko bi jokalari egotzi ditu Jon Ander Errasti epaileak: bat falta bat egiteagatik, eta bestea protesta egiteagatik.

Oroigarrien banaketa

Partidu amaieran Manttonik txapeldunordearen kopa eman dio Erandioko kapitainari eta Iker Olaldek eta Endika Ruizek txapeldunaren kopa joso dute Elustondoren eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak