Letamendik denboraldi borobila egin du Euskal selekzioarekin

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko ira. 8a, 13:31

Iban Letamendi oñatiarrak denboraldi txukuna egin du mendi lasterketetan. Txukuna, eta ezustekoa, era berean. Aizkorriko maratoia gertatzen hasi zen Letamendi, eta emaitza onek Aizkorritik haratago eraman dute. Abuztuaren 24an, Zermatteko Matherhorn Ultraks lasterketa 16. postuan amaitu zuen. Munduko kopako beste lasterketa bat egingo du denboraldia amaitu aurretik: urriaren 11n Italiako Lago di Gardan.

Letamendi beti ibili izan da mendiari lotuta. Lehen mendiko eski zeharkaldietan lehiatzen zen Euskal Herriko selekzioarekin. Orain dela hiru urte, baina, eskia bertan behera uztea erabaki zuen: "Eski entrenamenduak egiteko kanpora irten behar duzu, eta horrek lotura handia dakar", azaldu du Letamendik. Oñatiarrak lehiaketak utzi zituen alde batera; ez, ordea, kirola egitea. "Iazko oporretan, Austrian, korrika egiten hasi nintzen. Han mendi asko dagoenez mendian egiten nuen korrika", adierazi du.

Aizkorriko maratoia

Aurtengo denboraldiari begira Aizkorriko maratoia egitea zen Letamendiren helburua. Martxoan egin zuen lehenengo lasterketa, eta lehenengoan txapela eroan zuen etxera: Larraul-Ernio-Larraul lasterketa irabazi zuen. "Aizkorriko maratoia egiteko dortsal barik nengoen; hortaz, pentsatu nuen lasterketetan aurrean ibiliz gero, inbitazio bidez parte hartzeko aukera izango nuela", dio. Beste lau bat lasterketa egin zituen, denbora onak eginez.

Egin dituen lasterketak

Ondorengo lasterketetan parte hartu du Letamendik:

  • Martxoak 17, Larraul-Ernio-Larraul. Lehenengo postua.
  • Martxoak 24, Orio mendi lasterketa. Hirugarren postua.
  • Apirilak 14, Berako mendi maratoi erdia. Bosgarren postua.
  • Apirilak 21, Aloñako igoera. Hirugarren postua.
  • Apirilak 28, Donostia-Hondarribia mendi lasterketa. Hirugarren postua.
  • Maiatzak 12, Aiako harriak mendi maratoi erdia. Bosgarren postua.
  • Maiatzak 26, Zegama Aizkorri maratoia. 22. postua (Munduko txapelketa)
  • Ekainak 30, Vilaller (Lleida). Espainiako txapelketa taldeka. Taldeka EH selekzioarekin lehenengoak, eta banaka zortzigarren.
  • Uztailak 21, Zumaia flish. Espainiako kopa. Lasterketa utzi zuen.
  • Abuztuak 24, Zermatt (Suitza). 16. postuan. (Munduko txapelketa).


Denboraldia amaitzeko egingo dituen lasterketak:

  • Irailak 15, Axari trail Euskal kopa.
  • Irailak 28, Sorginen lasterketa.
  • Urriak 11, Lago di garda (Italia), kilometro bertikala (Munduko kopa).
  • Urriak 13, Lago di garda (Italia),  24 km (Munduko kopa).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak