Hartz baten hezurdura aurkitu dute AMETeko kideek

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko ira. 6a, 09:57

Urpekaritza espeleologikoa ere egin dute abuztuan, eta oso pozik daude emaitzekin. Ubaoko ur-zuloan ere, galeria berri bat topatu dute, eta 800 metro topografiatu dituzte. Nafarroan ere izan dira espeleologia lanetan.

Aloña Mendi Espeleologia Taldeko lagunek ez dute euren jarduna eten udan. Abuztuan egindako irteeretan, gainera, aurkikuntza berriak ere egin dituzte. Koba batean, esaterako, hartz baten hezurdura aurkitu dute. Arkeologoei horren berri eman eta gero, hezurrak Donostiako material arkeologiko eta paleontologikoen biltegira eraman dituzte.

Espeleo-urpekuntza

Oñati eta inguruetan hainbat ur-zulo daudela ondo dakite AMETeko lagunek baina horietako askotara sartzeko aukera teknikorik ez dute izan orain arten. Aurtengo udan, aldiz, espeleo-urpekaritzaren bidez, hainbatetan sartzeko aukera izan dute, eta oso pozik daude.

Frantziatik etorri diren Isabelle Perpoli eta Damien Vignoles espeleo-urpekarien laguntza izan dute irteera horietan. 800 kilometro baino gehiago egin dituzte, euren bi semeekin, Oñatiko ur-zuloetan sartzeko. Saratxon (Araotz), esaterako, urpean 58 metrora iritsi dira eta Urbaltzen (Urkulu), 184 kilometroko distantzia egin dute urak hartutako galerian. Ez batean ezta bestean ere, ez dute bukaera aurkitu; ur-zulo biek aurrera jarraitzen dute. "Isabellek eta Damienek egindakoa izugarrizko laguntza izan da guretako. Aurrerapen handia izan da, guretako, eurekin egindako lana", aitortu du AMETeko kide Laurent Richard-ek.

Udan egindako lanak bideoan ere grabatu dituzte. Baita ur-zuloetan egindako espeleo-urpekaritza irteerak ere.

Ubaon ere, aurkikuntza

Ubaoko ur-zuloan ere sartu dira AMETeko kideak. "Galeria berria aurkitu dugu; topografiatu ere egin dugu 800 metroko galeria berria. Gune horretan ere ur azpian ibili beharra dago, eta udan eskura izan ditugun laguntzek, Frantziako lagunena zein teknika berriena, oso lagungarriak izan dira koba horretan ere. Dagoeneko hiru kilometroko luzera du Ubaoko kobak, baina esplorazioak ez dira oraindik bukatu", dio Richard-ek.

Arantzazun, berriz, Okolan, koba berria aurkitu dute eta bi kilometro topografiatu dituzte.

Bestalde, Larrako (Nafar pirinioak) lanetan ere hartu du parte AMETek, Euskal Herriko beste espeleologoekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak