Uretan jolasean, berriz ere ume

Txomin Madina Milikua 2013ko abu. 30a, 15:14

Ilara luzeak. Eguzkia bete-betean. Oinutsik, harri gogor eta irristakorrean. Baina berdin du, gutxikeriak udako plan dibertigarrienetariko baten aurrean: uretako jolas-parkea.

Imajinatu hotelez, jatetxez, merkataritza-gunez eta adreiluz betetako leku bat. Eta ondoren, jarri erdi-erdian oasi berde bat, ura protagonista duen oasia. Horixe da Tenerifen, Playa de las Americas delako gunean dagoen Siam Parken itxura. Uretako jolas-parkea da, antzinako Tailandia oinarri hartzen duena, eta handi zein txikiendako dibertsiorako aukera aparta eskaintzen duena. Bertan sartu aurretik, aholku bakar bat, ilaretan pazientzia. Baita gehiago ordaintzeagatik Fast Pass txartela dutela eta itxaron gabe zure mutur aurretik igarotzen direnekin ere. Horrelakoetan ere, mailak eta mailak daude…

Orduan eta arriskutsuago, hobe

Atzean geratu dira uretako jolas-parkeak txirrista luzez eta flotagailuz betetako errekastoz osatutako parkeak bakarrik zireneko garaiak. Egun, badirudi ez dagoela mugarik, eta ideiak, zoroenak izanda ere, egia bihurtu daitezkeela. Dena zirrararen mesedetan, adrenalinaren izenean, denok ere hain gustuko dugun beldur zirraragarria lortu guran. Siam Parken hor dago Dragon izeneko atrakzioa: txirrista erraldoia, bertikalean  jarritako paellera handiekin osatua. Edo Snake Jungle: lau txirrista ezberdin, bakoitza bere ibilbide eta sekretuekin, banaka zein binaka botatzeko.  

Denen artean  deigarriena baina, Tower of Power da: 26 metroko jauzia duen txirrista, tiburoiak ere badituen akuarioa azpitik zeharkatzen duena. Akuarioa baina, kanpotik ikustea hobe: ez da erreza begiak irekita eta burua argi mantentzea ziztu bizian goitik behera zoazenean! Ordubete pasatxoko ilararen ostean, bost segundo eskaseko sentsazioa. Merezi duen? Bai horixe, baita errepikatzea ere! 

Txikienen pare

Atrakzio sinpleagoak eta lasaiagoak ere badaude, etxeko txikienendako. Baina sentsazioa dut, gora eta behera, uretan sartu eta irten, aspaldi koskortutako neskatila-mutikoak ginela  gehien gozatzen ari  ginenak. Ikusi besterik ez zeuden ingurukoen aurpegiak, algarak, oihuak. Eta azken orduko zurrunbiloa. Parkeak ateak itxi aurreko ordubetean, jende gutxiago zegoela-eta, denak batetik bestera korrika, hainbeste gustatu zitzaigun horretan beste behin, edo beste bitan ibili guran. Eguneroko zurruntasunak alde batera utzita, berriz ere aske, berriz ere "umekeriak" egiten, ondo pasatzea bakarrik buruan. 

Zazpi orduko dibertsioaren ostean, gero etorri ziren nekeak, gihar-minak eta sofatik ezin altxatuak. Eta handik gutxira, baita berriz  itzultzeko gogoa ere…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak