Udan ere, kantari

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko abu. 16a, 11:00

Uda niretzako herriz herri kantari ibiltzeko garaia izaten da eta halaxe nabil. Joan zen zapatuan Cidad de Ebro herrian izan ginen kantuan, Burgosen. Eguaztenean, hilak 14, Aretxabaletako jaietan egon nintzen. Atzo, eguena, Burgosko Cueva izeneko herrian izan ginen erromerian. Gaur atseden hartu, eta bihar Nafarroako Sarries herrira joango gara furgoneta instrumentuz beteta.

Gustura ibiltzen naiz hara eta hona kantari. Asko betetzen nau eta ilusioz egiten dudan zerbait da. Eta are gehiago betetzen nau jendea gurekin batera ondo pasatzen ari dela ikusteak.

Aurten bederatzigarren denboraldia da niretzako; 16 urte nituenetik horrela igarotzen ditudalako udarak. Eta batzuetan atzera begira jarri eta ibili naizen musika taldeen oroitzapenak etortzen zaizkit burura; zenbat une polit, zenbat abentura eta kalentura…

Duela bederatzi urte Ermuko batzuekin hasi nintzen erromerietan kantuan. Musical Araba izeneko musika denda dute bertan eta eurekin hasi nintzen abeslari moduan. Orduan urtebete egin nuen eurekin, eta hurrengo bost urtetan Tolosa, Iruña eta Altsasuko beste talde batzuetan ibili ostean, duela hiru denboraldi berriro itzuli nintzen Ermukoekin agertokietara. Primeran pasatzen dut kantuan eta dantzan.

Aurtengo uda kantari ibili ostean gainera, udazkenean berriro itzuliko da Goiena telebistara Kantari karaoke ikuskizuna, eta orduan ere herriz herri kantari ibiliko gara. Hori bai, kasu horretan bailarako gaztetxoak izango dira protagonista oholtza gainetan. Konturatu orduko iritsiko da gure artista gaztetxoen txanda, baina hori iritsi aurretik, oporrak dauzkagu oraindik. Beraz, aprobetxatu uda gustatzen zaizuen hori egiteko!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak