Argi etetea, ikastaroetarako izenematea eta beste, Oñatiko udal kiroldegian

Ubane Madera 2013ko abu. 7a, 17:05

Oñatiko Zubikoa kiroldegiak hainbat ohar jakinarazi gura ditu abuztuari eta irailari begira. Gertukoenetik hasita, iragarri du datorren astean, abuztuaren 13an, martitzena, argindarra eten egingo dutela. Horren ondorioz, kiroldegia itxi egingo dute, 15:00etan. Bestalde, bertako kantxak erabili gura dutenei begira, jakinarazi dute irailaren 5ean egingo dutela kantxen zozketa, arratsaldean.

Zabalik daude, era berean, 2013-2014 ikasturteko igerileta ikastaroetan, ur-ekintzetan zein fitness ekintzetan izena emateko epeak.

Korrika egiteko taldea eta tonifikazio zerbitzuak

Hala, fitness ekintzei dagokienez, iragarri dute, oro har 2012-2013 denboraldiko eskaintzaren antzerakoa izango dutela irailetik aurrera. Baina zenbait berritasun ere gehituko dituzte ikasturte berrian. Adibidez, korrikan hasi nahi duen edozeini zuzenduta, korrika era osasuntsu eta eraginkorrean egiteko taldea osatu gura dute; barrak, diskoak eta mankuernen erabileran oinarritzen den tonifikazio zerbitzua ere izango da, eta baita bosuan oinarritutako tonifikazio zerbitzua ere.

Igerilekua itxita, irailaren 23tik

Igeriketa ikastaro eta ur-ekintzei dagokienez, berriz, kontuan hartu beharrekoa da irailaren 23tik urriaren 8ra bitartean, igerilekua itxi egingo dutela, mantenu lanak egin behar dituztelako. Hain justu ere, ohiko garbiketa eta desinfekzio lanez gainera, gune bustiko elbarrituen aldagelak berritu egingo dituzte, eta igerilekuen ur-biltegietan mantenu-lanak egingo dituzte. 

Ate irekiak

Hori bai, ekintza eta ikastaro guztiak irailaren 16an hasiko dituzte. Eta kontuan hartuta zenbait ikastaro eta ekintzetan plaza mugatuak direla, komeni da aldez aurretik izena ematea. Ildo beretik, ekintza bat edo beste aukeratu ezinda dabiltzanendako, ate irekiak izango direla ere iragarri dute Zubikoa kiroldegitik. Irail hasieran izango dira horiek: irailaren 10ean (asteartea) hasi eta irailaren 13ra bitartean, biak barne, hain zuzen. Gainera, beste zerbitzu bat ere eskainiko dute datorren ikasturtean: aholkularitza.

Irailaren 1era arte, udako ordutegia

Bukatzeko, gogoan izan abuztuan udako ordutegiarekin dabiltzala lanean Oñatiko udal kiroldegian, hau da, goizeko 10:00etatik gaueko zortziak arte dago zabalik martitzenetik domekara, eta astelehenetan jai izaten dute. Irailaren 1ean  sartuko da atzera ere indarrean neguko ordutegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak