Karakola berdean, Kataluniaruntz

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko abu. 1a, 11:00

Kataluniara begira jarriko dugu aurten furgoneta berdea. Karakolak moduan, horixe izango da datozen 20 egunetan gure etxea. Ez zaigu kilometro asko jarraian egitea gustatzen, beraz, bidean hainbat geldialdi egingo ditugu Huesca eta Lleidan, Bartzelonara heldu bitartean.

Gustatzen zaigu aurrez bidaia prestatzea, interesgarriak izan daitezkeen lekuak etxetik bilatzea; bidaiaren parte bat da hori ere. Aurten azkeneko asterarte, ezer gutxi begiratua geneukan arren, dagoeneko apunte pila bat batu ditugu,  Arrasateko Gazte-bulegoko Dorletak emandako foiletoak direla edo sarean aurkitutakoak. Bidaiaren bizkar-hezurra markatu dugu horrela baina edozein momentutan moldagarria izateko modukoa. Etxean egindako zerrendan ditugu Piedrafita de Jacako "Lacuniacha" parkea eta Larreseko antzerki eta musika jaialdia; horregatik, bada, lehenengo etapa, Sabiñanigo (Huesca) inguruan egiteko asmoa dugu. Han ikusi edo lortutako informazioaz hurrengo etapa zehaztuko dugu gero.

Gehienetan kanpinetan

Kanpinetara joateko ohitura dugu baina tokian tokiko akanpaleku guztiak dira balekoak. Badago horiek aurkitzeko orri aproposa; www.furgopefecto.com da helbidea. Kokapena, ezaugarri eta baliabideei buruzko informazioaz gainera, erabiltzaileen iritzi baliagarriez osatutakoa.

Oporrak lagunak bisitatzeko garaia izaten da, nahiz eta askotan ez den samurra gure lagunentzako ere, opor garaia izaten da-eta. Bartzelonan ditugu Oñatiko kuadrilakoak bizitzen, baina Oñatira etorriko dira horiek data beretsuetan. Hala ere, saiatuko gara, bidean bada ere elkartzen. Ez zaigu komeni, bada, aurrez esan moduan, bidaia oso lotuta eramatea.

Eta bagoaz! Atzean utzi dugu Oñati eta Eskoriatzara goaz, familia agurtu eta aurtengo abenturarekin hasteko. Gaurko gaua Iratxen (Nafarroa) egingo dugu, biharkoa auskalo! Ondo pasa zuek ere eta bueltararte, ondo izan eta gozatu! Guk ere egingo ditugu-eta ahaleginak!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak