Artzainen eta mendizaleen ospakizuna Urbian, San Inazio egunez

Ubane Madera 2013ko uzt. 30a, 18:15

Uztailaren 31n, San Inazio egunean Urbiako zelai ederretan egin dute hitzordua artzainen eta mendizaleen jaia ospatzeko. 11:30ean meza izango da, 12:30ean luntxa, eta ostean herri kirol lehiaketa eta korrika lasterketa. Oñatitik autobus zerbitzu berezia izango da, goizean goizetik eta ordu erdiro. Izan ere, behin Arantzazuko aparkalekua betetzen denean, errepidea moztu eta bakarrik autobusez igo ahalko da Arantzazura.

Urbiako baselizan hasiko dira San Inazio eguneko ekitaldiak, meza nagusiarekin. Meza bera berezia izango da: bertso saioa izango du, eta zaindariari inguruko artzainen eta mendizaleen aldeko ohiko lore eskaintza eta eskaerak egingo dituzte.

Trikitilariak ere bai

12:30ean, berriz, luntx herrikoia izango da, txorizo, ogi eta ardoarekin. Eta haren ostean herri kirol lehiaketa eta korrika lasterketa daude iragarrita. Horrez gainera, egun osoan trikitilariak izango dira bazterrak alaitzen.

Autobus zerbitzu berezia

Oñatiko turismo bulegoak iragarri du bisitariei bidea errazteko autobus zerbitzu berezia izango dela Oñatitik Arantzazura, egun osoan. Izan ere, behin Arantzazuko aparkalekua betetzen denean, bidea moztu eta bakarrik autobusez igo ahalko da.

Autobus zerbitzua 07:15ean hasiko da, eta 20:45era arte ordu erdiro aterako da autobusa Oñatitik. Bueltarako, berriz, 07:45ean hasiko dira Arantzazutik Oñatirako autobusak, ordu erdiro, 21:15era arte.

Gainera, geltoki bat gehiago izango dela ere iragarri dute: Benediktinak.

Antzinako jaia

Tradiziozkoa da San Inazio eguneko ospakizuna Urbian; eta azken urteotan, gainera, indarberritu egin da jaia, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoek antolatutako ekitaldiei esker. Hala, Aizkorriko mendikatearen inguruan bizi diren eta Euskal Herriko bestelako inguru batzuetako artzain eta mendizaleek bat egiten dute ospakizun horretan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak