Natura iturburu hartuta, poesia, musika eta margoarekin inprobisatuko dute Arantzazun

Jagoba Domingo 2013ko uzt. 26a, 12:00

'Arantzazuko basoetan, zu zeu olerkari!' leloarekin, natura eta poesia batzeko saiakera egingo dute zapatuan Arantzazuko Parketxean 9:30ean hasita. Arantzazuk eskaintzen duen ingurune paregabea aprobetxatu nahian, arte mota ezberdinetarako inspirazioa bilatuko dute.

Bidaia horretarako gidari paregabeak izango dituzte, besteak beste, Andoni Salamero poeta, Jon Goenaga piano-jolea eta Josu Maroto margolaria. Zapatuko zitaren helburua, natura eta poesia bat egitea da, eta horretarako bi ekintza antolatu dituzte. Lehenengoan Parketxe inguruan poesiaren ibilbidea egingo dute, eta bigarrenean, poesia, musika eta marrazkiak batuko dituzte.

Poesiaren ibilbidea

Naturan barrena poesia landuko dute bihar, Salamero poeta gidariaren eskutik. Esan bezala, Parketxeko ingurutik ibilbide bat egingo dute eta bitartean, naturak eskaintzen dituen irudien gainean, poesiak egingo dituzte.
Salamero izango da gidaria, baina gerturatzen diren guztioi, sormenari lekua egin eta poesia lantzeko deialdia egin dute antolatzaileek.

Gandiaga Topagunea

Gandiagan egingo dute egunaren bigarren ekintza. Bertan, poesia, musika eta marrazkiekin jolastuko dute. Bidean ikusitakoaren inguruko poesiek, pianoaren soinuekin bustiko dira eta marrazkiekin kolorez margotuko dira.
Guztia inprobisazioan oinarrituko da, sentsazioak marrazki, hitz eta doinuen bidez gorpuzten; horrela magiari bere lekua utziz.

Izena emateko aukera

Izen emate epea atzo bukatu bazen ere, antolatzaileek oraindik ere lekuak daudela esan digute. Beraz esperientzia magiko honetan parte hartu nahi izanez gero, 9:30etan Arantzazun agertzea nahiko izango da. Prezioak hurrengoak dira: bost euro helduentzako eta hiru ikasleentzako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak