Oñati, turistak hartzeko prest

Txomin Madina Milikua 2013ko uzt. 23a, 20:41

Datozen egun eta asteotan, oporretan joango dira debagoiendar asko, baina gurera ere etorriko dira turistak. Oñatin esaterako, dena prest dute datozenak hartzeko. Herria zein Arrikrutzeko kobak ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira, eta aurten, Aizkorri-Aratz parke naturaleko ibilbideak jasotzen dituen mapa berria ere atera dute.

 Uda garaia heldu dela eta, gero eta ohikoagoa da Oñatin turistak ikustea eta Oñatiko Turismo eta Garapen Agentzian aukera zabala dute prestatuta datozen bisitariak hartzeko. Turismo bulegoa egunero dago zabalik, eta herri barruan bi bisita gidatu egingo dituzte egunean astelehenetik zapatura, 12:30ean eta 17:00etan. Domekan, goizez izango dira bisitok.  Sancti Spiritus unibertsitatea eta San Miguel parrokia dira bisita gidatuen ardatzak.

Arrikrutzeko kobari dagokienez, astelehenean ezik gainerako egun guztietan bisitatu ahalko da, eta abuztuko bi egunetan espeleoabentua saioak egingo dituzte: 17an eta 21ean. Azken hau gainera, familia osoarendako saioa izango da. Espeleoabenturan parte hartzeko aurretik izena eman behar da, eta komeni da gauza bera egitea bisita gidatuekin ere.

Aizkorri-Aratz mapa berria

Turismora begira, bestelako ekintzak ere prestatu dituzte. Hala, herriko hainbat jatetxe Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoetan ari dira parte hartzen eta herrian argitaratzen den Bomag aldizkarian ere turistei begira informazio zabala dago euskaraz, gazteleraz eta ingelesez ere. Honetaz guztiaz gainera, Aizkorri-Aratz parke naturalean egin daitzkeen ibilbideekin  mapa berri bat kaleratu dute.

Ikerne Altuberen esanetan, aurreko hilabeteetan turismo bulegotik pasa den bisitari talde kopurua handitu den arren, bakarka eta talde txikitan egon direnak gutxiago izan dira. Arrikrutzen bestalde, apur bat igo egin da bisitari kopurua. Datozen asteetara begira gainera, baikor daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak