Iker Zabaleta eta Iban Ojea: "Taldean egoteko bakarrik gogoa edukitzea eskatzen dugu: ez markarik eta ez podiorik"

Iban Ojea eta Iker Zabaleta Txantxiku Igeriketa Taldeko kideak dira. Itsas zeharkaldiak egiten dituzte, herria kostaldetik gertu ez dagoen arren. 34 lagunek osatzen dute igeriketa-taldea; barrualdeko toki gutxitan dago horrelako taldea. Zeharkaldien denboraldi bete-betean dira momentu honetan.

Noiz eta nola sortu zen Txantxiku Igeriketa taldea?

I.Z.: Sortu zen orain dela sei urte; iaz izan zen bosgarren urteurrena taldearentzat, baina zeharkaldietan igerian beteranoenak aspalditik dabiltza. Horiek urteak zeramatzaten euren kontura igerian, baina talderik ez zegoen.Orain sei urte nik eta beste batzuek lehenengo zeharkaldiak egin genituenean, batera joaten hasi ginen edo topo egiten genuen lasterketetan. Dortsalak erosteko-eta hitz egiten genuen, baina ez geneukan ez izenik eta ez ezer. Ikusi egiten genituen besteak, bainujantziekin, izen eta guzti, eta esan egiten genuen "Ze arraio! Guk ere egin  behar dugu zerbait". Esan eta egin, hasi eta urte pare batera sortu genuen Txantxiku Igeriketa Taldea.  

 I.O.: Ni orduan sartu nintzen, aurreko garaian ez nengoen. Geroztik, talde moduan agertzen gara zeharkaldietara.

Taldean egoteak zer eskatzen dio igerilariari?

I.Z.: Taldean egoteko gogoa bakarrik eskatzen dugu: ez markarik eta ez podiorik. Azkenean, taldea da bakarrik joan beharrean batera joateko: eguna pasatzeko aprobetxatzen ditugu probak. Igeri egin, bazkaldu, kalean buelta bat eman....

I.O.: Ahal denean behintzat. Ezin denean ezin baita: agian zeharkaldia egin eta buelta egiten dugu batzuek. Egunaren arabera. Taldekideei eskatzen diegun gauza bakarra da, urtean bat behintzat egitea. Gero afarira etorri eta taldekoa dela esan ahal dezan.

I.Z.:Esan nahi dugu taldekideok ez dugula kuotarik ordaintzen: nahi duena sartzen da. Jartzen dugun dirua izaten da izen-emateak egiteko eta bainujantziak erosteko. Gutako edozeinekin egon besterik ez dauka zeharkaldiak probatu nahi dituenak.

Taldekide guztiek proba berdinetan parte hartzen duzue?

I.O.: Adibidez, asteburu honetan zeharkaldi pila bat daude: zapatuan Bilbon, domekan Getarian, Errioxan eta Kantabrian ere bai. Pare bat doaz Bilbora, beste batzuk Getariara; ni Errioxara noa. Esan nahi dudana da talde barruan ere bakoitzaren egoeraren arabera aukeratzen dugula zer egin.

I.Z.: Badaude zeharkaldi batzuk, urtearen bukaera markatzen dutenak, taldekide gehienok egiten ditugunak. Igerian edo ikustera. Kontxako Badiakoa izaten da normalean, eta Atzeko Kaleko jaiekin batera izaten da. Denboraldi bukaerako afaria egiten dugu handik itzulitakoan. Taldekide gehienak elkartzen gara kasu horretan.

Taldeko kideak igeriketa-mundutik zatozte?

I.Z.: Batzuk bai, lehenago ibilitakoak dira. Gure kasuan gehiago da beste kiroletatik gatozela. Ni neu saskibaloitik nator. Orpoko lesioak eraginda esan zidaten igerilekua ona zela. Han ibiltzen nintzen igerileku txikian oinez, eta handian ikusten nituen taldeko beteranoak direnak. Ezagutzen nituen eta esaten zidaten "egin salto igerileku handira eta animatu hadi zeharkaldi bat egitera". Bat egitera animatu nintzen, denboraldiko azkena, eta harrezkero hementxe nabil. 

I.O.: Denetik dago. Janire Urteaga, Xabier Gordoa, eta Kepa Alberdi ibili dira igerilekuan.  Nire kasuan, kirol ezberdinak egin ditut. Neguan korrika egiten dut eta udan igeri.

I.Z.: Taldeko beteranoak ere igeri betidanik egin dute, baina mendian-eta ere ibiltzen dira.

Nola funtzionatzen duzue taldearen barruan?

I.Z.: Taldeko e-maila daukagu horretarako. Horren bidez geratzen gara. Proba baterako nortzuk  gauden jakiteko, bazkaltzeko zenbat geratuko garen jakiteko Interneta erabiltzen dugu. 

I.O.: Igeriketa kirol bakartia da berez; eta igerilekuan nik igartzen dut askoz ere hobea dela taldean joatea. Gero, igeri bakarrik egin behar duzu, baina taldearekin hobeto ibiltzen gara.

Nola egiten dituzue entrenamendu-saioak?

I.O.: Itsasoan ez dugu entrenatzen; Herriko igerilekuan aritzen gara.  Eta ez da batere erraza; jendez lepo egoten da egun guztian. Ordurik lasaienak aprobetxatu behar izaten dira eta lanarekin, familiarekin egoki lotu: goizean eta eguerdian. Xabier Infantek markatzen dizkigu saioak. Gero bakoitzak ikusten du hori nola egin. Baina bere aholkuek laguntzen digute intentsitate ezberdinak ikusteko. Bestela gu beti irteten gara zeharkaldietan topera, aguantatzen dugunera arte. Astean 4-5 saio egiten ditugu 3000-3500 metrokoak. Baina taldeko beteranoek gutxiago egiten dituzte.

I.Z.: Benetan eskertzekoa da berak egiten duena. Egia da bere lana dela, baina goizean goizetik hasi eta iluntzean oraindik hortxe ibiltzen da. Igeriketa sailean eta gero gurekin ere bai: gomendioak eman, iritzia eman...

Zeintzuk dira zeharkaldirik garrantzitsuenak?

I.Z.: Taldeko beteranoek, bere garaian Pro Tourreko bost probak zeintzuk ziren erabaki zuten, eta egutegia egiten dugunean markatu egiten ditugu oraindik: Getariakoa, Ondarroakoa, Paseo Berrikoa, Kontxako Badiakoa eta Haizearen Orrazikoa. Eurak ia beti joaten dira hara: indartsu egon ala ez. Eta taldekoentzat bereziak izaten dira; beteranoek giroa jartzen dute horietan; saltsa egoten da. Baina gero taldeko bakoitzak izaten ditu proba gogokoenak. 

I.O.: Bilboko itsasadarrekoa ez da horietan sartzen, baina polita izaten da. Irtendakoan suhiltzaileek mangerekin garbitzen zaituzte. Eta beteranoek ez dute ulertzen "nola joango haiz erreka horretako urar zikinarekin!". Gu iaz han izan ginen eta asko disfrutatu genuen.

I.Z.: Getaria bat, esaterako ikusteko da handia: 1800 lagun batera hor ikustea. Irteera, helmuga sekulakoa izaten da. Ondarroakoa, adibidez, igeri egiteko politagoa da. 400 bat lagun elkartu ginen aurrekoan.

Itsasoaren egoerak asko baldintzatzen du proba?

I.O.: Eta uraren tenperaturak! Azkenengo bi astean gora egin du eta eskerrak. Orain 20-21 graduan dago: igeri egiteko ondo.

I.Z.: Orain dela hilabete, iaz baino 4-5 gradu gutxiagokoa zen tenperatura. Ez bazuen asko berotzen ikusten genuen irailerako utzi beharko genituela zeharkaldiak. Neoprenorik gabe, ia ordubete ur hotzetan ezin da egon. Baina 3 astean buelta eman dio: zeharkalditarako ezin hobeto.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.