Umeen liburutegia handitu egingo dute udan; horrela, ume eta gaztetxoentzako biblioteka-zerbitzua hobetu egingo da. Irailaren hasierarako dena prest egotea espero dute liburutegiko eta udaleko arduradunek.
Liburutegi-eskaintza hobetzeko sortu zuten orain hamabost urte baino gehiago umeen liburutegia. Helduen eta haurren beharrak ezberdinak direlako: edukien aldetik eta arretaren aldetik. Egun, 1000 bazkidetik gora ditu umeen bibliotekak; eurentzat bereziki prestatuta, irakurzaletasuna landu eta aisialdi lasaiarekin gozatzeko tokia dute. Uda honetan, ordea, handitu egingo dute, Nerea Zubia kultura-zinegotziaren arabera toki faltagatik eta zerbitzuaren kalitatea hobetzearren moldatuko dute. Orain arte bilera-gelak egon diren tokia hartu, eta haurren liburutegia zabaldu egingo dute hara; 0tik 6 urtera arteko umeentzako lekua izango da hura. Arantzazu Ibarrondo liburutegiko arduradunak esan du aldaketa horrekin kultur etxearen eskaintza osatzeko beste urrats bat eman dutela; adin-tarte ezberdinek euren tokia izango dute, baina eraikin berean, zerbitzu bakarra osatuz. Egokitzapenak abuztuko oporraldian egingo dituztela esan du Ibarrondok eta irailaren 6rako irekitzeko asmoa dute, eskola-kurtso berriarekin batera. Obra handirik egin gabe, gazteenentzako edukiak hara eraman eta gela egoki jantziko dute: mahai eta aulkiak jarri eta paretak pintatu.
Bilera-gelak, lekualdatuta
Haur-liburutegia handituta, orain arteko bilera-gelak lekualdatu egingo dira. Bidebarrietara eramango dituzte, Laixan elkarteak bulegoa izan duen tokira. Zubiak esan du herriko eragile eta elkarte askok erabiltzen dituztela bilera-gelak, eta horregatik udalak aukera bat baino gehiago eman nahi dizkiela: ordutegi aldetik eta toki aldetik. Bidebarrietako lokalaz gain, Gaztelekuko sotoko gela eta kiroldegikoa ere taldeen bileretarako izango dira irailetik aurrera. Kultur etxean bertan ere, azkenengo solairuko gela hitzaldiak egiteko eta biltzeko izango da aurrerantzean.