Ganbara Abesbatzak hirugarren saria lortu du

Naiara Uriarte 2013ko uzt. 12a, 15:47

Oñatiko Ganbara Abesbatzak Austriako Nazioarteko lehiaketan parte hartu zuen joan den asteburuan, hiru egunez lehian aritu ostean. Txapelketak bi zati zituen; Polifonia eta Folklorea, eta bietan hirugarren postua lortu du.

Austriako Spittal herrian ospatu zen lehiaketa. Ostiralean hasi eta domeka arratsalde arte zortzi kantu baino gehiago eskaini zituzten. Lide Aranburu lehendakariaren esanetan. "Oso egun intentsuak eta mamitsuak izan dira. Oso ondo pasa dugu, eta oso pozik gatoz". Ez da harritzekoa, munduko onenen artean lehiatuta lortu duten sariagatik, eta epaileek egindako aipamen positibogatik.


Hiru egunetako txapelketa intentsuari aurre egin behar izan diete txantxikuarrek. Ostiral arratsaldean, Folklore atalean lehiatu ziren- euskal abestiak-. Lehiaketan ezarritako hiru abesti jo zituzten, eta egun berean epaimahaiak lortu zuten postua  helarazi zien. Zapatu goizean, berriz, Polifoniako - kantu serioagoak, erlijio kutsukoak- derrigorrezko beste hiru kantu abestu zituzten. Honetan ere, egunean bertan jakin zuten emaitza. Arratsaldean, ostera, abesbatzak taldeko abesti propioak eskaini zituen. Domeka, txapelketako irabazleak jakinda, jai giroan ospatzeko eguna izan zen. Eta txapelketako estresa kenduta, goizean, talde guztiek laku baten inguruan abestu zituzten beraien abestiak. Arratsaldean, aldiz, irabazleek, berriz ere, eskaini zituzten beraien obra esanguratsuenak.

Abesbatzako soinua goraipatu dute

Oñatiarrek kritika onak izan dituzte. Saio bakoitzaren ebaluazioa momentuan jaso zuten, eta aipamen garrantzitsuena taldearen soinua izan zen. "Epaimahaiko kideei asko gustatu zitzaien erabilitako soinu aberastasuna. Baita ere, interpretazioa eta dinamika ezberdinak egiteko gaitasuna. Programa oso ondo aukeratua zegoela azpimarratu ziguten. Folklore atalean; Neure Maitena, Mendekoste Phestetan, eta Akerra ikusi dogu. Polifonian, berriz, Sweet Honey Sucking Bees, Entflieht auf leichten kahen, Bonum est confiteri Domino.  Beste hirurak: Deus in Auditorium meun Intende, Wachtwache I eta Water night. Hau guztia, Aitor Biain zuzendariari esker izan da. Izan ere, lan bikaina egin du kantuak hautatzerakoan, eta honek eragina izan du lortutako azken emaitzan" azaldu du Aranburuk. Orokorrean, abesbatzari, hobetzeko kritikarik ez zioten egin, baina kantu batean nahiko azkar ibili zirela komentatu zioten.
Munduko hamar herrialdeek hartu dute parte, 50 urteurrena bete duen nazioarteko lehiaketa honetan. Hala nola; Oñati, Polonia, Indonesia, Italia, Austria, Serbia, Eslovenia, Txekia, Hungaria eta AEB izan dira.

Txekiarrekin lehian

Irabazlea AEB izan zen. Bigarren Txekia, eta hirugarren, Oñatiko Abesbatza. Hirurek postu berdina eskuratu zuten Folklore eta Polifonia mailan. Lehiakide gogorrak izan direla baieztatu du Aranburuk. "Txapelketa gogorra izan da. Maila altua zegoen. Amerikarrak irabazle garbiak izan dira. Oso ongi zuten prestatuta programazioa. Lan mardula aurkeztu zuten Spittalen. Txekiarrak eta gure Abesbatzak, ostera, nahiko maila parekatuan lehiatu ginen. Azkenean, beraiek eraman zuten bigarren postua. Hala ere, oso ondo eraman genituen abesti guztiak prestatuta, eta horren fruituak jaso ditugu".

Guztira, Abesbatzako 35 kide joan ziren Spittalera. Hiru izan ziren, lana medio, Oñatin geratu zirenak. Beraiekin ere 13-15 senitarteko joan ziren animoak ematera. Ganbara abesbatzak eskerrak eman nahi dizkie beraiekin Austriara joandako guraso eta senitartekoei. Baita ere, Oñatiko udaletxeari emandako laguntzaregatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak