San Kristobal eguna ospatuko dute gidariek

Ibilgailuen bedeinkapenak eta afaria egingo dituzte iluntzean. 1961. urtean sortu zen Oñatin gidarien ermandadea eta 35 bazkide dira egun.

Oñatiko gidariek urtero ospatzen dute euren zaindariaren eguna, San Kristobal eguna, eta aurten ere egingo dute. Eguaztenean ospatuko dute, San Kristobal egunez, betiko moduan.

Automobila heldu zenetik

1961. urtean sortu zuten Oñatiko gidarien San Kristobal ermandadea. Ezbeharren bat izanez gero, gidariari diruz laguntzeko helburuarekin sortu zuten. "Orduan ez zegoen segururik, eta istripuren bat edo ezbeharren bat izanez gero, gidariari edo haren familiari diruz laguntzeko sortu zen", gogoratzen du ermandadeko kide den Jose Ramon Arrazolak. "Honen antzerako Gipuzkoako lehen kofradia Donostian sortu zuten, 1917an. Montepio zuen izena. Kideek kuota bat ordaintzen zuten urtero eta diru horrekin gidariei laguntzen zieten istripua izanez gero", jarraitu du.

Uztailaren 10ean beti

Oñatiko San Kristobal ermandadea sortu zutenean 34 bazkide ziren. Egun, 35 dira. "Lehen egun osoko festa izaten zen, jai hartzen zuten gidariek. Bazkaria egiten zen eta ostean pilota partiduak ere bai, plazako frontoian. 1968tik aurrera, baina, afariak egiten hasi ziren. Herriko jatetxe ezberdinetan egin ohi izan dituzte. Azkenaldian Txopekuan, eta azken bi urte hauetan, Etxe Aundin. Hori bai, beti zaindariaren egunean, uztailaren 10ean", kontatu du Arrazolak.

Hori baina, Oñatiren kasuan gertatzen da bakarrik. "Ekialdean maiatzaren 9an ospatzen dute San Kristobal eguna eta Mendebaldean uztailaren 25ean. Espainian uztailaren 10era pasa zuten eta gehienek egun horren bueltan suertatzen den asteburuan egiten dituzte ospakizunak. Oñatin, aldiz, egunean bertan egin ohi izan ditugu beti", zehaztu du Jose Ramon Arrazolak.

Ibilgailuak lorez apainduta

XV. mendeko dokumentuetan jasota daude Olabarrieta auzoan zegoen San Kristobalen ermitaren datuak. Egun errepide kontran dagoen santutxua baino gorago zegoen. Santutxua bera, 1988an eraberritu zuten, auzolanean. "2004az geroztik, Korpuseko prozesioan ere ateratzen dugu. Bi anda ditugu, bat prozesiorako eta beste bat San Kristobal egunean santua jeep-ean eramaten dugunerako, lorez apainduta, ibilgailuak bezala", azaldu du ermandadeko beste kide batek, Andres Osinagak.

Gaur, eguaztena, iluntzean apainduko dituzte automobilak loreekin eta karabanan joango dira San Kristobal dagoen santutxutik San Migel parrokiaraino. Autoak bedeinkatuko dituzte han eta ondoren, afaria egingo dute Etxe Aundi jatetxean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.