El Trio Calavera: "Udan gitarrak eta diskoak hartu eta herririk herri kalean jo nahi dugu"

Jagoba Domingo 2013ko uzt. 10a, 02:00

Runba edo, haiek dioten moduan, gitan-core musikaren ordezkariak baditugu ibarrean: El Trio Calavera oñatiarrak, hain zuzen. Duela hilabete La rumba ratonera diskoa aurkeztu zuten Antixenako gaztetxean eta harrera ona izan zuen. Egia esan, ez da inguruotan horrelako talde batekin gozatzeko aukera handirik izaten, eta Sin Luz proiektuaren errautsetatik sortu den taldeak geroz eta jarraitzaile gehiago ditu. Bada, ETC sortu zen leku berean egon gara, Beñatorekin.

Zeintzuk zaudete El Trio Calaveraren atzean?

Hasieran, Sin Luz runba taldean jotzen zuen Letxu, Eka eta ni ginen. Pixkanaka, baina, familia handituz joan da eta gaur egun sei pertsona gaude proiektuan murgilduta. Kide berriak Moyu, Diaz eta Gartxi dira. Horregatik, diskoan, El Trio Calavera y Etc da taldearen izena.

Nolatan hasi zineten runbarekin?

Ni herri batzuetan kalean jotzen hasi nintzen eta G5 (Delinqüentes, Muchachito, Kiko Veneno eta Tomasito) eta horrelako taldeak gustatzen hasi zitzaizkidan. Horrez gain, esan bezala, Letxuk Sin Luz taldean jotzen zuen, eta hura desegin ostean hainbat kantu eginda zituen. 2009ko udan, Antixenako parkean elkartu ginen, gitarrak hartu eta orduak bertan pasatzen. Berez, denbora-pasa bezala sortu zen proiektua, baina, pixkanaka, serioago hartu eta kontzertu batzuk emateari ekin genion.

Ordutik, asko ikasiko zenuten.

Bai; teknikari dagokionez, hasieran, hiru gitarristek berdina egiten genuen. Orain, ordea, bakoitzak eremu bat betetzen du. 

Inprobisazioak ere pisu handia du, ezta?

Bai, pisu handia du eta horrek askatasun handia ematen digu. Hitzek ere garrantzi handia dute runban, eta guk hor ematen diogu punk zertzelada, gure pasarte eta burutapenak kontatuta.

Nolakoa izan da diskoaren grabazioa?

Dena guk geuk egin dugu, Olapoton genuen entsegu lokalean. Bertan, estudio txiki bat muntatu eta urtebete inguru eman genuen, kantuak grabatu, nahastu eta diseinua amaitu bitartean. Detaile batzuk grabatzeko gogoz geratu ginen, baina, lokaleko beste batzuekin izan genituen arazoak tarteko, dagoenetan geratu da diskoa. Hamalau kantu dira, eta taldearen ibilbidea dago islatuta. Kantu guztiak gureak dira, Mamoncete izan ezik, Los Ilegales-ena da hura.

Eta hura lortzeko zer egin behar da?

Oraingoz, Oñatiko tabernetan bakarrik dago salgai. Baina gure asmoa udan gitarrak eta diskoak hartu eta herririk herri eta jairik jai kalean jo eta bertan saltzea da. Formatua polita da hori egiteko eta jai giroarekin zerikusi handia duen musika da gitan-core delakoa. Edozelan ere, norbaitek El Trio Calaveraren kontzerturik antolatu nahi izanez gero, prest gaude edonora joateko. Hortaz, taldearekin harremanetan jartzeko, Letxuri (637 82 05 56) edo niri (656 58 31 33) dei diezagutela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak