Bizikleta, alforjak eta norbera: bidaia esperientzia berezia

Julen Iriondo 2013ko uzt. 8a, 14:20

Udako oporrak badatoz eta hamaika izan daitezke egunok pasatzeko moduak. Etxe inguruan ibiliko dira batzuk, eta nonbaitera bidaia egingo dute beste batzuek, hegazkinez, trenez, kotxez... edo bizikletaz, batek daki.

Adrian Chohan oñatiarrak asko maite du bizikleta, asko maite du bidaiatzea, eta asko maite du bizikletaz bidaiatzea. Duela zortzi urte bizi izan zuen horrelako esperientzia bat lehen aldiz –Donejakue Bidea–, eta bi urtera errepikatu zuen: "Orain saiatzen naiz urtean bidaia bat behintzat egiten, nahiz eta luzea ez izan, hamar egunekoa edo. Sakratua da niretzat". Kostaldean barrena egin ditu bidaiak, eta baita mendi inguruetan ere; biak erraz uztar daitezkeen lekuetan ere izan da, Korsikan adibidez: "Hara kanpin denda txiki bat eraman genuen lehen aldiz, eta oso polita izan zen". 

Autonomia handiagoa eta etapak nahi izandako lekuan amaitzeko aukera ematen zien kanpin dendak; bestela, hostal eta aterpetxeetan egiten omen dute lo. Beno, eta tarteka hotelen baten ere bai: "Gogoratzen naiz Portugalen, hiru izarreko hotel bat; beherago hostal bat zegoen, normal bat. Lagunak esan zidan: 'Adri, hotelean galdetuko dut'. Eta nik ea nola galdetuko zuen han, ondoan merkeagoa izanda: gu ez gara luxu zaleak. Baina berak galdetuko zuela eta galdetuko zuela. Azkenean, hogei eurogatik gela eta self service-a". 

Inprobisatzea gustuko 

Besteak beste, horrelako pasadizoek egiten dute berezi bidaiatzeko modu hau; beste gauza asko ere badaude: "Zara zu, eta zure bizikleta, zure gustuko afizioa. Zoaz ikusten, leku desberdin pila bat ezagutzen, joanaz, bidaiatzen, eta inprobisatzen. Inprobisatzea asko gustatzen zait niri, gauzak datozen bezala egitea. Hemen bainu bat, hor hamarretakoa... Eta bizikletan bidaiatuta sorpresa asko izaten dira [gurekin egindako hitzordura ordenagailua ekarri du Adrianek, eta Korsikako argazki bat erakutsi digu: txerri mordoxka errepide erdian]". Lagun batek, iaz, Alpeetan, zakuarekin, aterperik gabe lo egin zuenekoa ere gogoratu du; izar euria zen gau hartan: "Hori ez da diruarekin ordaintzen". 

Kanpoan lo eginda, alojamendua aurrez hartzen lanik ez; aterpean lo eginda ere, baina, badu bere arriskua erreserbak eginda joateak: leku jakin batera derrigor iritsi beharra; eta faktore desberdinak egon daitezke hori zaildu dezaketenak. Izan daiteke matxuraren bat eduki eta esperotako denboran uste bezain beste kilometro ezin egitea; edo arazo fisikoren bat izan edo, besterik gabe, gorputzak ez ematea; edo eguraldia: "Pirinioetako zeharkaldia egin genuenean oso eguraldi ona egin zigun gehienean. Egun baten juntatu ginen beste bi adiskiderekin, eta haiek hartuta zeukaten gau hartarako lekua. Eta sekulako zaparrada hasi zuen. Geu ere zalantzan izan ginen, haiekin joan edo geunden lekuan geratu". Besteak ez ziren libratu; lotarako loturarik ez eta busti gabe pasa zuten eguna Adrianek eta bere lagunak: "Esan genuen: 'Gaurkoz nahikoa egin dugu, geratu gaitezen hemen lasai, dena ez da eta bizikletan ibiltzea'. Inportantea da momentu lasaiak izatea, momentua disfrutatzea". 

Extremadurako, Andaluziako, Galiziako eta kantauriar kostaldeko parajeak ere ezagutu ditu Adrianek azken urteetan bizikletarekin. Aurten ere zer edo zer egingo omen du, eta animatzen du jendea probatzera: "Ez dut ezagutzen inor esperientzia gustatu ez zaionik". Fisikoki ezin izatearen beldurrik ez izateko dio Adrianek: "Txipa desberdina da, egun dena duzu, gura denean geratu... Gorputzak asko ematen du, eta burua ere egin egiten da. Eta horrela bidaiatuta, egunak hainbesterako ematen du...!".

-----------------

Adrian Chohan (bizikletaz bidaiatu zalea): "Jakin behar da norekin egin bidaia"

Zazpi bidaietatik bi bakarrik egin ditu.

Horrela bidaiatzeak harremanak errazten ditu? Bai, asko; eta, gainera, desberdina da inorekin edo bakarrik joan. Bakarrik joanda askoz berba gehiago egiten duzu beste batzuekin. Zu gehiago irekitzen zara, eta jendea ere bai zuri. Lagunekin joanda haiekin aritzen zara; beste batzuekin laurdena ere ez.

Bakarrik, ondo. Bai. Eta bestela jakin behar da norekin joan. Ordu asko dira elkarrekin, eta feeling berezia duzun norbait izan behar da.

-----------------

Alpeetako edukiak, orain blogean

Pedalka saioa telebista bitartez eta goiena.net-en egon da orain arte ikusteko aukera. Aurrerantzean, baina, bere bloga izango du –blogak.goiena.net/pedalka–, eta bertan ikusi ahal izango dira Alpeetako zeharkaldiko atal guztiak. Honez gain, ibilbideko esku-orria jaisteko aukera ere emango du, alojamenduen eta bestelakoen gaineko informazioa jasotzen duena.

-----------------

Harrera ona 'Pedalka'-k

Apirilean hasi eta oraintxe arte egon da ikusgai Goiena telebistan frantziar Alpeetako zeharkaldia jasotzen duen saioa. Harrera ona izan du ikus-entzuleen artean. Amaitu da saioa, baina nork daki berririk egiteko modurik izango ote den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak