Arestiren idatzia, Arantzazutik etxera

Jagoba Domingo 2013ko uzt. 6a, 02:00

Euskal literatura eta poesiaren historian beste pasarte txiki bat idatzi zen atzo, eguena, Arantzazun. Frantziskotarrek ia 40 urtez gorde dute Gabriel Arestiren Harrizko herri hau liburuaren eskuizkribua, eta Meli Esteban, Arestiren alargunari eman zioten bueltan atzo. Poz handiz itzuli zioten liburuaren originala; hala ere, pena puntu bat izan dutela ere aitortu zuten Arantzazuko liburutegiko arduradunek.

Arantzazuko liburutegiak altxor bat galtzen duela esan zuten; hala ere, gizarteak beste altxor bat irabazten du. Arestiren lanaren corpus guztia bateratua izatea garrantzitsua dela azpimarratu zuten, horrela ikerketak errazteko.

Arantzazun, salbu egoteko 

Liburua 1970. urtean argitaratu zen, eta handik urte batzuetara, Enrike Villarrek, Lur argitaletxeko zuzendariak Arantzazura eraman zuen, bertan salbu egongo zelakoan. Hala izan da, eta ia 40 urte hauetan eskuizkribua salbu izatearren eskerrak eman zizkien Meli Estebanek frantziskotarrei atzoko ekitaldi xumean.

Gandiagaren poema 

Ekitaldia Arantzazuko Gerediaga eraikinean egin zuten, eta bertan, eskuizkribua itzultzeaz gain, 60ko hamarkadan hasi zen Aresti eta Arantzazuren arteko harremana gogora ekarri zuen Pablo Agirrebaltzategik. Bertan ezagutu zuen Bitoriano Gandiaga, eta bi idazleak hainbat pasarte bizi izan zituzten batera. Mikel Aierbe ikertzaileak aurkitu zuen liburua, beste zerbaiten bila zegoen bitartean. Eskuizkribua zuzenketak egin aurretikoa dela uste du. 

Ekitaldiaren amaiera aldera, Pello Zabalak Gandiagak Arestiri buruz egindako poema bat errezitatu zuen emozioz gainezka.Ekitaldia amaitzeko, entregaren agiria sinatu zuten Estebanek eta Jose Mari Arregik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak