Asteburuan hasiko da Txantxiku Igeriketa Taldearen aurtengo denboraldia. Zapatuan Deban egingo dute lehen zeharkaldia.
Getaria-Zarautz
Duela bost urte sortu zen Txantxiku IT eta 30 lagun inguru dira egun. "Batzuk Aloña Mendiko Igeriketa taldea utzitakoak dira eta beste batzuk igeri egitea atsegin eta zeharkaldietako esperientzia izan gura dutenak. Denok ez dugu proba guztietan parte hartzen, bakoitzak bere egutegia egiten du", dio taldeko kide den Iharine Urteagak. Hilaren 21ean egingo duten Getaria-Zarautz proba da eurendako, kuttunena. "Guretako bakarrik ez, beste batzuendako ere bai, urtetik urtera jende gehiagok parte hartzen du-eta; aurten, adibidez, 1.800 lagunek eman dute izena eta datorren urtean 2.000ra igoko dutela dirudi", dio Urteagak.
Igerian saltoka
Itsasoan igeri egitea esperientzia "ahaztezina" dela dio Urteagak: "Behin eginez gero, errepikatu egiten dute gehienek". Igerilekuan igeri egitearekin ez duela antzik aitortzen du: "Hasteko, uraren tenperatura baxuagoa izaten da eta proba askotan ez dute uzten neoprenoa janzten. Olatuekin, gainera, saltoka zoazen inpresioa izaten duzu. Bestetik, beste igerilarien ostikoak ere jasotzen dira batzuetan. Hala ere, sekulakoa da itsasoan igeri egitea".
Zubikoa kiroldegian egiten dituzte entrenamenduak, bakarrik batzuetan eta elkarrekin bestetan. "Motibazioa oso garrantzitsua da eta elkarrekin entrenatzeak asko laguntzen du; baita planing-ak egiteak ere", dio Urteagak.
itsas zeharkaldien egutegia
- Deba - Uztailak 6 - 1.850 metro
- Ondarroa - Uztailak 13 - 1.850 metro
- Bilbo - Uztailak 20 - 2.600 metro
- Getaria-Zarautz - Uztailak 21 - 2.900 metro
- Bermeo - Uztailak 31 - 2.400 metro
- Txingudi - Abuztuak 4 - 2.600 metro
- Paseo Berria - Abuztuak 15 - 2.959 metro
- Irla - Abuztuak 26 - 3.000 metro
- Haizearen Orrazia - Irailak 1 - 5.200 metro
- Kontxa - Irailak 8 - 2.200 metro