Oñatiko Udala etxe hutsen alokairua bultzatzen saiatuko da

Julen Iriondo 2013ko eka. 25a, 22:55

Azken urteotan ehunka babes ofizialeko etxebizitza zozketatu eta gero, Oñatin ez da denbora baten behintzat halako gehiago izango. Astean egin dute azken zozketa, San Martin auzoko sei etxebizitzarena. Urteotan eskatzaileen zerrenda asko gutxitu bada ere, oraindik etxebizitza bila jarraitzen duten herritarrei begira, Udalak etxe hutsetan alokairua bultzatzeko ahalegina egingo du aurrerantzean.

Jende gutxi batu da astean Oñatiko udaletxean egindako Babes Ofizialeko sei etxebizitzaren zozketan. San Martin auzoko 6 zenbakiko etxeak dira, eta osoko bilkuren aretoan egon zen herritarretako bati ere ez zitzaion egokitu. Zortea izan duen inork atzera egiten ote duen zain egon beharko dute.

San Martingo sei etxebizitzok ez ziren hasiera batean babes ofizialeko gisa zozketatzeko; Udalak erabilera sozialerako zituen etxebizitzak dira. Azkenean, baina, aldatu egin zen hasierako asmoa eta bertatik jasotako dirua inbertituko da erabilera sozialerako eraikin baten.

Mikel Biain alkateak dio bakarra beharrean bi helburu bete dituztela horrela. Sei lagun gehiagori babes ofizialeko etxebizitza baterako aukera ematea, eta salmentatik aterako den diruarekin erabilera sozialerako eraikin osoa egitea.

Orain zozketatutakoekin, denbora batean behintzat ez da babes ofizialeko etxebizitza gehiago egingo Oñatin.

Biainen arabera, alokairua bultzatzeko inor erroldatuta ez duten etxebizitzentzako errekargua izango da neurrietako bat, baina gehiago ere izango ei dira.

Adjudikaziodunak

Hauek izan dira San Martin 6 zenbakiko etxeen zozketako adjudikaziodunak.

  • Angel Irizar, 6-behea-A.
  • Beñat Madariaga, 6-behea-B.
  • Mikel Galarza, 6-behea-C.
  • Andoni Cantabrana, 6-behea-D.
  • Kizkitza Aranzabal, 6-behea-E.
  • Maria Isabel Semper, 6-1-A.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak