Burrundaratik lasaitasunera, erosotasunetik konplikaziora

Julen Iriondo 2013ko eka. 27a, 02:00

Zenbateraino dauden pozik eta Urbia nola maite duten ohartzeko, hona hemen, ezer baino lehen, pasarte dibertigarri bat, Aritz Altubek kontatua; fondakoek azaroan hartzen dituzte oporrak, hilabete inguru: "Lehenengo aldiz bidaian joan ginenean, Argentinara, hango gauza berezi horiek ikusi genituen: glaziarrak, Iguazu, Patagonia... gauza ikusgarriak...

... Bilbon hegazkinetik jaitsi ginenean, kotxean gentozela Ruperri galdetu nion ea zer zen Argentinarako bidaiatik gehien gustatu zitzaiona, eta esan zidan gehien gustatu zitzaiona izan zela Bilbora iritsi aurretik hegazkineko leihotik Urbia ikusi izana". Ez dago ezer gehitu beharrik, ala?

1999ko urtarrilean hartu zuten fondako ardura Ruper Altzelai eta Mikel Altube oñatiarrek, lantegiko lanpostu finkoak utzita. Eta abenturara batu zitzaizkien Ruperren anaia Kepa, eta Aritz, Mikelena. Eurak dira egunero fondan izaten direnak –maiatzetik azarora; neguan asteburuetan bakarrik irekitzen dute–, han bizi dira –behar gehieneko egunetan hiru neska ere joaten dira lanera–.

Gustura daude bere garaian hartutako erabakiarekin, eta, hori, dena ez dela erraza han goian: "Ohituta botoia sakatu eta argia piztera, ba hemen ez da horrela". Ohiko elektrizitate gabe, generadore bidez lortzen dute fondan, eta horrek mantenua eskatzen duela dio Ruperrek: "Sukaldean ere ezin duzu frijigailurik edo beste jatetxeetako edozein aurrerapen jarri". Eta Araiatik –13 kilometrora; edo Gasteiztik– joan-etorriak autoz, generoa erostera –egunerokoa, ez baitute izozkailurik; ogia ere egunean egunekoa– edo zaborra botatzera. Hori elurrak uzten badu –maiatzaren 29an, oraindik, bost zentimetro pilatu ziren–: "Negu honetan ezin izan dugu lau hilabetean autoz etorri, eta egunero ibili behar izan dugu Arantzazutik bueltaka, gauzak ekartzeko, asto-lanean", dio fondako gazteenak, Aritzek –18 urte zituen hara joatean–. Eta gogoan du, orain hamar urte inguru, dena zuri zuri, Arantzazutik Urbiara lau ordu behar izan zituztenekoa. Ermitara iritsi, eta aurrera egitea kostatzen ari zitzaiena ikusita behera itzultzekotan egon ziren, fondatik ehun metrora egon arren. Pentsa. 

Eta ostalaritzako jardunak dakartzan berezko lanez gain, beste batzuk ere egin behar izaten dituzte: "Gero eta gehiago dira hildakoen errautsak Urbian zabaldu nahi izaten dituztenak, eta horrek antolaketa lan bat eskatzen du, adineko jendea ekartzeko... Edo, adibidez, aurreko asteburuan, ganadu bat zulo baten sartuta zegoela eta ateratzera joan ginen gauez". Hala kontatzen du Ruperrek.

Bestelako ezustekoak ere bai 

Baina ez da ganadua bakarrik Urbian ezustekoren bat edo beste izaten duena; bi hankakoek ere izaten dituzte, elur eta laino egunetan noraezean ibiltzea, adibidez: "Galdu-galdu ez zara egingo, baina apur bat urduri jarriz gero... Deitu izan digute, esanez hona bidean datozela baina ez dakitela non dauden, eta bila joan behar. Kepak eta Ruperrek oso ondo ezagutzen dute ingurua, eta azalpen gutxirekin segituan jakiten dute non dabiltzan". Eta gehitzen du Aritzek berak: "Gogoan dut nola behin, goizaldeko hiruretan, logelako kanpoko atea jo zigun batek; euria zen goian-behean, galduta ibili zela eta zetorren hotzak, bustita eta nekatuta. Sartu genuen barrura, sutondoan butakan etzan zen eta hurrengo goizera arte".

Galduta iritsi eta sutondoko butaka modukorik ez. Logelak ere badituzte, ordea, fondan. Hogei lagunentzako dute lekua, maiatzetik azarora eskaintzen dituzte oheak, eta udako hilabeteetan ia egunero izaten ei dute norbait lotan, asteburu askotan beteta ere egoten omen da –Oñati bertakoak ere joaten ei dira–. "Gauez ere buelta bat eman eta izarrak ikusteko". Ez da plan txarra.

Doazenak pozik itzultzen omen dira etxera, eta eurak gustura geratzen. Horrek balio die. Jendea gustura egoteak, eurak, bestela, badaude eta Urbian: "Gustura egoteko lekua da. Urbian moduko lasai inon ez zara egoten. Eguraldi onarekin ez da tarte askorik egoten, baina laino egunek-eta ere badute beren xarma, eta txakurrekin buelta bat egiten dugu, edo perretxikotara...".

Une horietan eurentzat bezala, bisitarientzat ere deskonektatzeko leku ona da Urbia, telebistarik, wifi-rik, telefono estaldurarik gabeko lurraldea, nahiz jendeak galdetu maiz halakorik ba ote den. Fondan jartzeko kartel berria egin duela dio Aritzek, zera jartzen duena: "Ez dago wifi- rik, ez dago koberturarik: utzi telefonoak eta egon lasai!

-----------------

Ruper-eta jaio aurretik ere han zebiltzanak

Segura eta Zegamako koadrila da Javier, Patxi, Leandro eta Pakok osatutakoa. Oltzan pasa zuten aurreko astea, Partzuergoaren txabola bat alokatuta: "Aizkorrin gosaltzea genuen gaur programan. Aizkorrira igo, arrautza parea eta txorizoa prestatu han bertan eta jatea, baina bihar joan beharko dugu", zioen euretako batek. Eguraldiak hondatu zien plana, baina ez zeuden ba batere gustura fondan: "Jaiero etortzen naiz ni, ahal dela. Sua eta babesleku ona egoten dira hemen", zioen Leandrok.

-----------------

Mikel Etxezarreta: (Urbiako artzaina): "Mendian behar izaten da halako zerbait, juntatzeko leku bat da fonda"

Zegamarra da Mikel. Maiatz bukaera aldera igotzen da txabolara, eta Domu Santu egunera arte egoten bertan. Lotura berezia du, beraz, Urbiarekin, noski, eta baita fondarekin ere. 1925ean eraiki eta urte batzuen buruan salgai jarri zuen Partzuergoak –Gipuzkoako eta Arabako hainbat herri batzen dituen elkartea da, egun ere, Urbiako ondasun guztien jabea–. Mikelen familia egon zen ordutik fondan, 50 urte baino gehiagoan, 1993 urtera arte.

Fondaren berri badu zuen familiak; zuen tartetik, zeintzuk ibili izan dira hemen? Aitonak erosi zuen, eta gero jarraitu zuen izeba Justak; osaba Martinek, gure aitak ere laguntzen zien. Osaba Martin erretiratu zenera arte gure familiakoek eraman dute hau.

Berezia da Urbiako fonda zuretzako? Bai. Leku erakargarria da. Mendian behar da horrelako zerbait. Juntatzeko leku bat da.

Egunero etortzen zara, edo noizean behin besterik ez? Egunero ez, baina tarteka astia dugunean bai, egiten ditugu buelta batzuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak