Sexu-aniztasuna aldarrikatuko dute gaur Oñatin

Mireia Bikuña 2013ko eka. 28a, 11:42

Debagoieneko LGTBQ koordinadorak Sexu aniztasuna kalera leloarekin, aldarrikapen festa egingo du gay, lesbiana, bisexual eta transexualen harrotasun egunean, gaur, ekainak 28. "Sexu askapenerako aldarrikapenak eta eskaerak kalera aterako ditugu ekainaren 28an. Debagoieneko herritar guztiak gonbidatu gura ditugu. Etor daitezela gura duten moduan: mozorrotuta, transformatuta... Ongietorriak izango dira", esan dute. 

LGTBQ kolektiboa 

Andraitz talde feministak iazko ekainaren 28aren bueltan, Las Fellini taldea gonbidatu zuen Oñatira. Emanaldi hura izan zen, egungo koordinadoraren abiapuntu. "Ikuskizun polita izan zen, baina bakarra. Ekainaren 28ak ospakizun eta aldarrikapena zabalagoa behar zuela ikusi genuen eta lanean hasi ginen", esan digute koordinadorakoek.

Emakumeen asanbladak, Andraitz taldeak eta hainbat norbanakok hainbat bilera egin dituzte ordutik. Emaitzak Debagoieneko LGTBQ koordinadora eta hurrengo asteko ekintzen zerrenda dira.

Lekukoa, herririk herri 

Debagoieneko lehen egunaren deialdia Oñatitik egin dute, baina aurretik bailarako beste herri batzuetako kideekin partekatu dute ideia. Helburua da aurtengoa Oñatin egitea, baina urtero herria aldatzea. Alegia, sexu askapena aldarrikatzeko lekukoa herririk herri eramatea. "Aldarrikapen berberen atzean gauden eragile, norbanako eta kolektiboak batzeko eta elkar ezagutzeko aitzakia izan daiteke. Gure ideiak partekatu, eta ekintza bateratuak antolatu", dio Maria Apaolazak.

Maiztasun zehatz barik 

Debagoieneko LGTBQ kolektiboak lehen urratsak eman ditu. Ibilbide luzea egiteko asmoz jaio den taldea da. Sexu askatasuna non nahi eta noiznahi aldarrikatuko duen taldea izango da. "Ez gara ekainaren 28ra mugatuko. Egun hori aldarrikapen eguna izaten da, baina sexu askatasuna lortzeko egunero egin behar dugu lan. Guk hori egin gura dugu. Urtean zehar jarraipen bat egin eta aldika, ekintzak antolatu: hitzaldiak, mahai-inguruak, aldarrikapen testuak kaleratu... Sexu askapenaren aldeko borrokak jarraipena izatea gura dugu", azpimarratu digute koordinadorako hainbat kidek. Ez dakite zenbateko maiztasunaz elkartuko diren, baina badakite lanean jarraituko dutela.

Herrian sortutakoa

Garbi utzi gura dute herrian sortutako kolektiboa dela eta euren baliabideekin antolatu dituztela ekintzak. "Kolektiboan parte hartu gura dutenak, lasai etor daitezela. Ekarpenak gustura hartuko ditugu", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak