Gizonezko bat atxilotu dute Oñatin, "ausarkeriaz gidatzeagatik eta hiru ertzaini eraso egiteagatik"

Ubane Madera 2013ko eka. 18a, 18:34

Bergarako ertzain-etxeko agenteek atzo goizaldean (astelehena) 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Oñatin "ausarkeriaz gidatzeagatik". Poliziaren arabera, atxilotutakoak lege-hauste aurrekariak zituen, ez zien ertzainei kasurik egin, eta, gainera, eraso egin zien identifikatzen saiatu ziren poliziei. Atxilotua edaten ari zen gidatu bitartean, eta indarkeriaz egin zien ertzainei aurre. Haietako hiruk asistentzia medikoa behar izan zuten. Alkoholemia-proban positibo eman zuen.

Segurtasun Sailaren arabera, atzo goizaldeko hiru t'erdietan, hainbat ertzain ohartu ziren turismo bateko gidariak kristalezko baso bat zuela eskuetan, eta handik edaten eta modu bitxian gidatzen ari zela. Ibilgailuak ia-ia istripua izan zuen Portu kalean sartzeko garaian, eta azkenean bertan geratu eta ezkutatzeko ahalegina egin zuen, ertzainek ikus ez zezaten.

Ertzainen "gainera salto egin"

Poliziak emandako xehetasunen arabera, agenteek identifikatzeko eskatu zioten gizonezkoari behin eta berriz, baina atxilotuak ezezkoa eman zien harro eta modu erasokorrean. Halako batean, beren gainera salto egin zuen eta ostikoka eta muturrekoka hasi zitzaien ertzainei; azkenean lortu zuten gizonezkoa geratzea, eta atxilotu egin zuten. Atxilotzen parte hartu zuten ertzainetatik hiruk asistentzia medikoa behar izan zuten jasotako erasoagatik.

Desobedientzia eta erresistentzia, besteak beste

Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, atxilotutako pertsona 28 urteko gaztea da, eta aurrekari dezente ditu. Ertzainen kontrako desobedientzia eta erresistentzia delituak leporatu dizkiote, baita bide-segurtasunaren kontrako atentatua ere, alkoholemia-proban positibo eman zuen-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak