Errealitateari lotutako fikzioa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko eka. 17a, 18:46

Eskumako zinegotzia berandu esnatu zen Euskal Herriaren independentzia bere eskutik etorri zen egunean. Esaldi horrekin  abiatzen da Fermin Etxegoienen (Oñati, 1966) Zinegotzia (Erein) liburu argitaratu berria.

Narratzaile baten ahotik jasoko dugu, hirugarren pertsonan kontatuta, 2013ko ekainaren 6an kokatutako trama. Goiate herriko Bixen harakin eta zinegotzia  du protagonista nagusia eta errealitatean oinarritutako fikziozko istorioa da. "Euskal Herrian bizi dugun egungo egoerari etengabeko keinuak egiten dizkiodan arren, asmatutakoa da kontakizuna, herria eta baita protagonista ere, nahiz eta azken hilabeteetako gertakariek bultzatu nauten aurrez idatzitakoa moldatzera", dio idazleak. 

Politikaren aitzakian idatzita

Autokarabana liburuaren gaineko elkarrizketa batean galdetu zioten ea inoiz izan zuen politikaz idazteko asmoa; ezezkoa erantzun zuen arren, harra barruan sartu zitzaiola aitortzen du Etxegoienek eta horrela hasi zela Zinegotzia mamitzen. "Ez dut, baina, liburu politikoa egin gura izan, politikaz baliatu naiz literatura entretenigarri egiteko helburuaz". 

Autoreak kontrakoa dioen arren, kontatzeko duen moduagatik eta askorentzako tabua den gaia aukeratzeagatik ausarta da, kritikarien ahotan egunotan Etxegoieni buruz sarritan entzundako hitza; ez duela lagunak egiteko idazten esaten dute.

Hiru ataletan banatuta 

Drama klasikoetan moduan, hiru ataletan banatzen du 24 ordutako trama: politika-jarduna du ardatz lehenengoak; esparru familiarra bigarrenak, eta azken atalean, berriz, zinegotziak agindutakoa nola betetzen duen jasotzen du. "Hasierako zirriborroak irakurri zituzten lagunen iritziak oinarri hartuta, lehenengo zatiaren bertsio asko idatzi ditut, eta hirugarrenean akrobazia handiak egin behar izan ditut lehenengo esaldiarekin botatako hordagoari eusteko. Esparru familiarraren zatiak zuen sendotasunak bermatu zidan liburua idazten jarraitzea", dio idazleak. 

Pamielatik Ereinera 

Pamielan argitaratu zituen aurreko biak, baina, arrazoi narratiboak tarteko, lehenbailehen argitaratzea komeni zitzaionez, Erein argitaletxearekin kaleratu du azkena. "Apirilean ekarri zidan manuskritoa, hasieratik iruditu zitzaidan liburu majoa; bereziki trama nola eraman duen dut gustuko", dio Erein argitaletxeko Iñaki Aldekoak. 

Gustura daude idazlea eta baita argitaletxekoak ere. Fermin Etxegoienek, baina, lanean jarraitzen du; baditu dagoeneko paperetan hainbat ideia apuntatuta, akaso, hurrengo liburu baten jasoko dituenak.

-----------------

Idazlea eta kazetaria 

EHUko Leioako campusean Kazetaritza ikasketak egin ondoren, EITBko Katukale eta Dr Livingston supongo saioetan jardun zuen. Musika kronikak idatzi zituen irratian murgildu aurretik. Egun, Euskadi Irratian entzuten dugu egunero, Musikate saioanSaiakera bat eta eleberri bat ditu kalean. 2010ean Autokarabana eleberriarekin Euskadi Literatura Saria eta Kritika Saria eskuratu zituen.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak