Julen Aranburu garaile tenperatura altuko lehiaketan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko eka. 16a, 22:21

Kadete mailako ziklista gazteek beroak itota egin dituzte Olakuako Sariaren 58 kilometroak. Eta hori igarri egin da helmuga gurutzatu duten ziklista kopuruan; izena eman duten 97 txirrindularietatik 47k soilik amaitu baitute lasterketa, erdiak ere ez.

Kilometroek baino neke gehiago eragin dute gaurko tenperaturek, zalantza barik. Oñatitik irtenda, Arrasate –Eroskiko biribilgunea–, Zubillaga zein Legazpitik pasa ondoren, Oñatin amaitu dute ziklistek Olakua Saria. Eta bide gehiena lautadan egin arren, Udanako mendateak lasterketaren erritmoa zertxobait apurtu du.

Helmugan azkarrenak

Tropela atzean utzita Jokin Aranburu izan da helmugaratzen lehena, 01:30:07ko denborarekin. Ia minutuko aldea atera dio Aranburuk bigarren sailkatuari, Aratz Olaizola zarauztarrari, hain zuzen. Podiumeko hirugarren kutxara igo dena, aldiz, Oier Ibarguren izan da.

Bestalde, mendiko saria Karlos Ruiz nafarrarentzat izan da. Tarteko helmugarena, ostera, Jokin Aranbururentzat. Eta 28. Olakua Sarian talde onena, Zarauztarra.

Oñatiarrak amaierara arte

Oñatiko lasterketan pedalei gogor eraginez aritu dira etxeko txirrindulariak. Xabier Murgiondo bosgarren iritsi da amaierara. Hamabigarren postua eskuratu du aldiz, Julen Umerezek; Xabier Aiastuik ere lortu du helmuga gurutzatzea, 17. postuan; eta Beñat Azkoagak 25. lekuan amaitu du lehiaketa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak