Arantzazutik txangoa eginda, erromeria giroak alaituko ditu Urbiako zelaiak bihar

Iure Eizagirre 2013ko eka. 14a, 16:26

Garai bateko itxura izango dute bihar Urbiako zelaiek, izan ere, Aiko taldeak erromeria antolatu du. Denbora luzez, plaza eta aretoetan ibili da taldea baina iaz erromerien jatorrizko paisaiara itzultzea erabaki zuten.

Sabin Bikendi taldeko kideak azaldu duenez, "garai batean mendiko ermitetan eta inguruetan egiten ziren erromeriak". Eta, iazko moduan, Urbiara itzuliko dira.

Arantzazun jarri dituzte hitzorduak, plan ezberdinak antolatu baitituzte. Hala nahi dutenak 09:00etan abiatuko dira eta mendi-txangoa egin ondoren hurbilduko dira Urbiako borda aurreko zelaira. Bigarren taldea, berriz, 11etan abiatuko da Arantzazutik, eguerdirako Urbiara heltzeko asmotan.

Iaz modu xumeagoan antolatu zuten erromeria eta koadrila polita batu zen Urbian. Bikendik aurten beste modu batera antolatu dutela adierazi du: "Autobusak jarri ditugu hainbat herritatik, gure zaleak eta ikasleak joateko". Horrela, Bilbo, Donostia, Iruñea, Errenteria, Zarautz eta Durangotik pasako da autobusa. Itzulera 19:00etan izango da. Beraz, jendeak ondo erantzutea espero du taldeak, besteak beste, Urbiarako bidea erraza delako.

Ohiko erromeria eskainiko du Aikok. Taldeak era guztietako dantzarako doinuak eskaintzen ditu. Badu, ordea, beste berezitasun bat: erromeriarako doinuak jotzeaz gain, bertaratzen direnei dantzako pausoak erakusten dizkie. Hala dio Bikendik: "Dantza egiteko klabeak ematen ditugu, ez dakiena gidatzen saiatzen gara, dantza errazteko eta dakienari, berriz, proposamen berriak egiten dizkiogu, probatzeko".

Disko berria

Aikok bere azken diskoa kaleratu berri du eta hori aurkeztuko du Urbian. Bilgua izena jarri diote diskoari eta nafar Pirinioetako doinuak jaso dituzte, Irati eta Ossau bailaretakoak. Grabazioa estilo tradizionaleko erromeria gisa egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak