50 urteko gizonezko oñatiarra inputatu dute, edukiontzien erreketen egilea delakoan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 14a, 17:09

Atzo, eguena, arratsaldean, beste hiru edukiontzi erre zituzten Oñatin. Oraingoan, baina, Udal Gobernuak jakitera eman duenez, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak pertsona bat atzeman zuten gertakarietako bat izandako lekuan, sute horien arduradun izan litekeelakoan. Identifikazio lanak egin ostean, pertsona hori inputatu egin dute eta diligentziak hasi. Udal Gobernu Taldetik Udaltzaingoa eta herri kolaborazioa zoriondu dituzte, hiru hilabete pasatxoan pisten atzetik egon izanak eman duelako azkenik bere fruitua. 

Atzo arratsaldeko lau t’erdiak inguruan jaso zuten Oñatiko udaltzainek abisua; herritar batek Aita Madina kalean plastikoaren edukiontzi horia sutan zegoela ikusi zuen eta udaltzainei pasa zien abisua. Udaltzainak segituan joan ziren gertakariaren lekura su-hitzalgailu batekin, berehala agertu ziren suhiltzaileak ere, eta gutxira menderatu zuten sua. "Momentu horretan, hain justu, piztu zitzaigun susmoa, edukiontzien erreketen inguruan beti pertsona bera ikusten genuela oharturik", azaldu digu Oñatiko udaltzainburu Idoia Lazpitak.

Arratsaldeko 17:30etan bigarren erreketa: Portu kalen dagoen Batzoki ondoko plastikoaren edukiontzia hasi zen sutan. Abisua jaso eta segituan bertaratu ziren udaltzain eta suhiltzaileak, eta nahiko erraz menderatu zuten sua. Ordubete lehenago Aita Madinako erreketan susmagarritzat jotako pertsona bera ikusi zuten atzera ere udaltzainek eta lekuko batek emandako informazioak euren hipotesia berretsi egiten zuen gainera, Idoia Lazpitaren esanetan.

Sekuentzia berdina, aldiro

Udaltzainburuak adierazi digu azken erreketetan beti erre izan direla lehenengo Aita Madina kaleko edukiontziren bat, gero Portu kalekoren bat eta azkenik Etxaluzekoa. Bada, hurrengo erreketa Etxaluzen gertatuko zela aurreikusita, lekukoa eta Ertzaintza Etxaluzera gerturatu ziren.

Eta aurreikuspenak bete egin ziren: susmagarriak Etxaluzeko edukiontzi bati eman zion sua. Inputatu egin dute ustezko egilea eta diligentziak hasi dituzte.

Lekukoak adierazpenak egin beharko ditu, gaur eta astelehena bitartean, Bergarako Ertzainetan. Eta epaiketa, asko jota, hiru hilabete barru hasiko da. Epaileak erabakiko du orduan nahikoa froga dauden inputazioa aurrera eramateko edo ez.

Erreketen ustezko egilea 50 urte inguruko gizonezko oñatiarra da, udaltzainburuak kontatu digunez. Atzoko erreketekin, 14 edukiontzi inguru erre dituzte aurten Oñatin.

Udaltzaingoaren lana eta herri kolaborazioa

Udal Gobernu Taldetik Udaltzaingoa eta herri kolaborazioa zoriondu dituzte, hiru hilabete pasatxoan pisten atzetik egon izanak eman duelako azkenik bere fruitua.

Kronologia

Gisa horretako hainbat gertaera izan dira Oñatin azken asteetan. Maiatzaren 29an izan zen azkena. Aita Madina kaleko hori eta urdin koloreko edukiontzi bana erre zituzten; suhiltzaileak joan ziren sua itzaltzera, baina hori koloreko edukiontzia, plastikozkoa, birrinduta geratu zen.

Suhiltzaileak, Aita Madina kalean.

10 egun lehenago, urdin koloreko beste edukiontzi bat erre zuten. Kasu horretan, Batzoki parean dagoen edukiontzia agertu zen sutan. Bost bat minutuko kontua izan zen, baina aldi hartan ere suhiltzaileak bertaratu behar izan ziren sua itzaltzera. Gertaera tokian izan ziren ertzainak ere. 

Batzoki pareko edukiontzia, ketan.

Maiatzean bertan, maiatzaren 6an, Lizaur kalean bi edukiontzi sutan agertu ziren; plastikozkoa bat (horia) eta burdinazkoa bestea (urdina). Jada orduan, udaltzainek kontatu ziguten azken aldian nahiko ohikoak ari zirela izaten horrelako gertakariak gune horretan, eta egun batzuk lehenago toki berean izandako antzerako gertaera bati egin zioten erreferentzia: "Ez da horrelako gauza bat gertatzen den lehen aldia. Azken aldian edukiontzi bat baino gehiago erre dute Lizaur kalea eta Aita Madina bitartean. Urrutira joan barik, pasa den astelehenean bertan eta ordu berean beste edukiontzi bat erre zuten". Horiek horrela, udaltzainek herritarrei dei egin zieten zerbait susmagarria ikusiz gero beraiekin harremanetan ipintzeko.

Edukiontzia sutan, Lizaur kalean.

Egindako lanak eman ditu bere fruituak, Udal Gobernu Taldeak jakitera eman duenez: atzo arratsaldeko erreketen ondotik, ertzainek eta udaltzainek pertsona bat atzeman zuten sute horien arduraduna izan daitekeelakoan. Identifikazio lanak egin ostean, pertsona hori inputatu egin dute eta diligentziak hasi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak