Autobus zerbitzu berria Oñatin eta taxibusaren eskaintza berria Elgetan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 12a, 15:21

Autobus zerbitzu berriak aurkeztu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, garraio publikoa indartzeko. Gipuzkoako herrialdeko mugikortasuna hobetzeko helburua dute zerbitzuok. Zortzi dira guztira; bi, Debagoienerako. Uztailaren 1ean jarriko dira indarrean.

"Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio publikoa indartzeko konpromiso irmoa" duela adierazi du Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugartek eta, ildo horretan, garraio publikoan egindako berrikuntzak aipatu ditu: zortzi zerbitzu berri, kasu batzuetan erabat berriak, eta beste batzuetan lehendik zeuden zerbitzuak hobetzera datozenak. Zerbitzu horietatik zazpi (Euskotreni dagokion bat izan ezik beste guztiak) uztailaren 1ean jarriko dira martxan. Zerbitzu horiek 2.595.000 euroko kostua dute.

Debagoienari dagokionez, bi berrikuntza egongo dira:

1- Oñati-San Prudentzio (Pesa)

Zerbitzu berri bat jarriko da martxan Oñatiko bizilagunek hiriburuekin lotzeko aukera izan dezaten. Oñatitik San Prudentziora ordu erdiro autobusak aterako dira, 06:05ean hasi eta 22:05era arte; San Prudentziotik, 06:20ean lehenengoa, eta 22:20ean azkena.

San Prudentzion, ibilbide luzeko zerbitzuekin konbinatzeko aukera izango da, batez ere Gasteizkoarekin (5 minutuko transbordoa), Donostiakoarekin (15minutukoa)  eta Loiukoarekin (5ekoa). Bilbokoaren kasuan, egungo Oñatikoez gain, goizeko lehenengoarekin eta eguerdikoarekin ere San Prudentzion 5 minutuko itxaronaldiarekin egin liteke autobus aldaketa.

Beste konbinazio aukera batzuk ere badaude: eskualdeko beste herrietara (Eskoriatza, Arrasate, Aretxabaleta eta Bergara) joateko aukerak ugaritzea dakar berrikuntza honek.

2- Elgetako taxibusa

Eskaintza berria da. Bost zerbitzu egingo ditu Bergara eta Elgeta lotzeko. Horietatik hiru finkoak eta bi eskaripekoak izango dira, astegunetan. Asteburutan, hiru zerbitzu izango dira, eta hirurak eskaripekoak.

Bi zerbitzuok uztailaren 1ean jarriko dira indarrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak