Ganbara Txiki abesbatzak 10 urte beteko ditu datorren ikasturtean, eta orain arte egindako ibilbidearen material grafikoa bildu gura du. Horregatik, eskaera egiten die herritarrei 10 urte hauetan ateratako argazki edo grabatutako bideoak izanez gero, eurei helarazteko.
Argazkiak eta bideoak
Ganbara Txikiri 10 urte hauetan egindako argazkiak edo bideoak jaso gura dituzte, abesbatzaren lehen hamarkadaren laburpen grafikoa egiteko. "Abesbatzari buruz egindako albiste, elkarrizketa eta antzerakoak, prentsan jasotakoa, gordeta dugu gure artxiboan. Baita geuk ateratako argazkiak ere, baina ahalik eta gehien jaso gura ditugu. Badakigu abeslarien senideek argazkiak atera ohi dituztela gure emanaldietan, eta horiek ere lortu gura ditugu", dio Ganbarako zuzendari Aitor Biainek.
Emanaldietako argazki eta bideoak ez ezik, bestelakoak ere ikusi gura dizute. "Adibidez, egin ditugun irteeretan ateratakoak, autobusean goazela edo bazkaltzen ari garen bitartean ateratakoak. Argazkiak ez dute zertan izan behar emanaldietan ateratakoak, baizik eta Ganbara Txikik azken hamarkadan bizi izan dituen momentuetan ateratakoak. Eta hor sartzen dira, noski, egindako entsegu, irteera, autobus, barre, negar, bilera, bazkari ... eta antzerakoak", zehaztu du Biainek.
Erakusketa berezia
Batutako materialarekin erakusketa bat egin gura dute. "Baina erakusketa berezia egin gura dugu, ez argazki erakusketa soila. Multimedia proiekzioak ere egin gura ditugu", jarraitu du azaltzen Aitor Biainek.
Erakusketa noiz egingo duten ez dute oraindik zehaztu, baina irailera bitartean jasoko dute materiala. Argazkirik edo bideorik duen edozein herritarrek, Ganbarak Errekalden duen egoitzara eraman dezake, edo idazkaritza.ganbaratxiki@gmail.com helbidera bidali.