Hirugarren igogailua jarriko dute aurten San Lorentzo auzoan

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko eka. 7a, 13:53

Maiatzean egindako osokoan hartu zuen erabakia udalbatzak, aho batez. Aldapa tabernaren ondoko plazatxotik gora jarriko dute.

San Lorentzo auzoan beste igogailu bat jarriko dute. Horixe onartu zuen udalbatzak, aho batez, maiatzaren 29an egindako osoko bilkuran.

Aldapa tabernaren ondoan

Egingo duten igogailua, San Lorentzo auzoan egongo den hirugarrena izango da, eta auzo horren irisgarritasun lanen barruan kokatzen dira horren lanak. "Aldapa tabernaren ondoan dagoen plazatxoan jarriko da hirugarren igogailua. Bi aukera zeuden, arrapala edo igogailua jartzea. Arrapala jarriz gero, altuegia litzateke, eta horregatik erabaki da igogailua jartzea", azaldu du Iñaki Landak, Oñatiko udaleko arkitektoak.

San Lorentzo auzoaren irisgarritasun lanen barruan hainbat eginbehar eta fase daude aurreikusita. "Irisgarritasuna bermatzea da helburua, eta hori kontuan izanda ari dira egiten faseak", zehaztu du Landak.

Urtea bukatu aurretik

Maiatzeko osoko bilkuran onartu zuten udal ordezkariek igogailua jartzea, eta orain hori egiteko prozesua abiarazi dute. Tartean, gune horretan dagoen garaje pribatu baten desjabetzea. "Igogailuak egun garaje bat dagoen tokian jarriko da, eta desjabetze prozesua hasiko da orain. Jabekide guztiek erabiltzen duten gune orokorrean ere egingo dira lan txiki batzuk, kableak pasatzeko, adibidez", dio Landak.

Oraindik ez dago jakiterik noiz hasi eta noiz bukatuko dituzten lanak, dena dela, udalaren asmoa da aurten burutzea lanak, urtea bukatu aurretik.

Hirugarrena

Aurten egingo duten igogailuarekin, guztira hiru egongo dira San Lorentzon. Lehenengoa, Artxubi taberna paretik goiko plazatxora doana da; bigarrena, lehen plazatxotik gora doana, Arendui fruta-denda parera. Puntu horretatik goiko plazatxora joateko arrapala dago eginda. Hirugarren igogailua egiten dutenean, San Lorentzo auzoko barrenetik goraino eskailerak igo barik joateko modua egongo da.

San Lorentzoko eta Errekaldeko irisgarritasun lanak eginbeharreko lan garrantzitsuenen artean ditu udalak azken urteetan eta auzo biak konpontzen dihardute, faseka. Auzo bietan irisgarritasuna bermatzea da egiten ari diren lanen helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak