Zinegotzi eskuindar baten gorabeherak Fermin Etxegoienen bigarren eleberrian

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 7a, 11:08

Kazetari eta idazle oñatiarrak atzo, eguena, aurkeztu zuen 'Zinegotzia' eleberria (Erein) Bilboko Liburu Azokan. Eskuineko zinegotzi batek Euskal Herriaren independentziaren lehen egunean bizi duena du ardatz. Aurretik, 'Autokarabana' eleberri saritua (Pamiela) idatzi zuen, 2009an.

"Eskumako zinegotzia berandu esnatu zen Euskal Herriaren independentzia bere eskutik etorri zen egunean", esaldi horrekin hasten da Fermin Etxegoienen (Oñati, 1966) bigarren nobela. Etxegoienen hitzetan, "muturreko fabulazio" hori izan zen Euskal Herriko zinegotzi eskuindar baten 24 ordu giltzarriak jasotzen dituen liburuaren "txinparta". Eleberriko lehen esaldi hori da Etxegoieni lehenik sortu zitzaiona, eta esaldi hori izan da kontakizunaren motorra. Bere aurreko liburuaren aurkezpen ekitaldi batean piztu omen zitzaion politikaz idazteko harra.

Gaurkotasunari oso adi idatzitako liburua da Zinegotzia, egileak azaldu duenez, eta maiz aldatu behar izan du horregatik testua idazketa prozesuan. Behin eta berriz aritu behar izan omen da idatzitakoa berridazten. Baina, azkenean, orain hilabete gutxi eman zuen amaitutzat. "Hauteskundeen ostean badirudi baretu dela kontua hemen, eta baita Katalunian ere. Barealdi moduko batean dago gaia, eta horregatik pentsatu nuen garai ona zela liburua publikatzeko, ze agian lau hilabete barru berriro aldatu da dena!". 

Egun bakar batera mugatu du kontakizuna: atzoko egunera, zehazki, ekainak 6; bere nobelan, Euskal Herria independente bilakatzen den egunean, hain zuzen ere. 

"Euskal Herriak independentzia lortu duen eguna"

Eskuineko politikari bat da eleberriko protagonista, Goiate herriko Bixente, eta haren gorabeheren bidez izango du irakurleak Euskal Herriak independentzia lortu duen egunaren nondik norakoen berri. "EAJ bezalako alderdi batekoa" da zinegotzia, Etxegoienek azaldutakoaren arabera. Eta hautaketa ez da debaldekoa: "Euskal literaturan ez dago bere burua eskuinekotzat identifikatzen duen pertsonaiei buruzko nobelarik. Guztiak dira ezkerrekoak, edo ezkerrekoak izandakoak. Hori da kasuen %99,9a. Nire eleberriko zinegotzia ez da idealista bat. Ez du utopietan sinesten, eskuindar gehienek egiten ez duten moduan". Dioenez, pertsonaia hori da mundu ikuskera bat erakusteko hartu duen abiapuntua, eta pertsonaiaren esparru familiarrak ere bere garrantzia daukala azaldu du.

Honela laburbildu du idazleak bere bigarren nobela: "Literaturan egin daitekeen gauzarik oinarrizkoena egin dut: pertsonaia bat sortu, eraiki, eta mundura bota".

2004an Neurona eta Zeurona saiakera argitaratu zuen Etxegoienek eta 2009an Autokarabana eleberria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak