Kantxan, kanpoko kirolariez gain, izango da herriko jendea ikusteko aukera ere; esaterako, Alaitz Lazkanoiturburu, Alaitz Atxa eta Eider Ibarrondo oñatiarrek Gipuzkoako selekzioarekin jokatuko dutela esan dute Aloña Mendikoek. Goizeko lehiak bi txandatan banatuta egingo dituzte. Lehenengo, ekipo bakoitzak partida bana jokatuko du. Gerokoak, emaitzen araberakoak izango dira. Bazkaldu aurreko azken norgehiagoka 14:00etan da; gero, guztiek Pago Uso elkartean bazkalduko dute. Arratsaldean, 15:30etik aurrera jokatuko dituzte finalak eta hirugarren eta laugarren postuak. Sari-banaketa 19:30ean izango da.