Lukene Igartua: "Harritu egin ninduen ikusteak zenbat jende zegoen han goian guri animoak ematen"

Guren Auzmendi Zumalde 2013ko eka. 4a, 02:00

Lukene Igartua oñatiarra izan da aurtengo Zegama-Aizkorri mendi-maratoia bukatu duen Debagoieneko emakume bakarra. Irakaslea da Igartua ogibidez, ama eta korrikan mendiko lasterketetan dabil aspaldian. Betidanik izan da kirolaria.

Zer moduz moldatu zinen aurreko domekako lasterketan?

Nire beldur bakarra zen Zegamara garaiz iritsiko ote nintzen, denbora-muga bat badagoelako helmugan. Eta kontrol-puntuekin ere kezka hori neukan; gainera, tarteko kontrolak askoz ere estuago daude, hasierakoak batez ere.  Herritik gora abiatutakoan, zalantza horiek nituen buruan, baina nire erritmoa hartu eta aurrera egin nuen. Hasierako zati horretatik aurrera, gainera, nire buruarekin ondo sentitu nintzen. Banekien horrela jarraituta helmugan sartzea lortu nezakeela eta horrela iritsi nintzen. Bukatutakoan, momentuan bertan, whatsApp bidez animo mordoa eta lasterketako argazkiak ere jaso nituen eta oso polita izan zen. Gerora, ondo errekuperatu dut; eta aurreko astean korrika apur bat egitera irten nintzen arazorik gabe.

Zegama-Aizkorri aurten lehenengo aldiz egin duzu. Nolakoa iruditu zaizu?

Aurretik eginda neukan mendi-maratoi bat, Anetokoa, eta gogoa nuen Aizkorrikoan parte hartzeko. Senarra ere mendi-lasterketetan ibiltzen da eta hark esan zidan Aizkorrikoa ezberdina zela, zailagoa. Hangoak ere 42 kilometro ditu, baina ez da tontorrera igotzen. Zegamakoa gogorragoa da: desnibela, ibilbidea bera... Egitea erabaki nuenean kontuan izan nuen hori. Aizkorriko proban, paisaiaz gain, gertuko jendearen babesa izan da garrantzitsuena. Ni, lasterketaren bukaera aldean joan nintzen eta uste nuen ikusle gehienak joanda egongo zirela. Gorantz nindoala, ordea, harrituta ikusten nuen artean zenbat jende zegoen guri animoak ematen; ez Otzaurten bakarrik, Aizkorriko aldapetan ere bai. Eguraldia ere ona zegoen eta disfrutatzeko gogoa zeukaten ikusleek.

Aloñako igoeran ere ikusi zaitugu behin baino gehiagotan. Aizkorrikoa ezberdina izango da.

Bai, distantziarena hortxe dago: Aloñakoa baino ia hiru bider luzeagoa da. Gainera, Zegamakoa nazioarte-mailako lasterketa da; domekan maila ikaragarriko kirolarien ondoan korrika egiteko aukera izan nuen. Onenekin. Teknikoagoa ere bada: harria gehiago dago eta harkaitzetan tarte luzeagoak ditu. Baina niretzat antzekotasunak ere badituzte. Batez ere jendeak ematen duen erantzuna. Aloñako igoeran egoten den giro hori, jendea eten gabe animatzen... Hemen mendi-lasterketetarako zaletasun handia dago eta horrelako egunetan ikusi egiten da. Ez bakarrik ikusleek ondo pasatzen dutelako; korrikalariontzat ere garrantzitsua da.

Mendi-lasterketetarako zaletasuna, nondik datorkizu?

Beti izan gara gu kirolariak: bateko mendian, besteko eskalatzen... Korrika ere betidanik egin dugu errepidean nahikoa. Mendiko lasterketekin nire senarra hasi zen lehenengo. Nik orkatilak ahulak ditut eta uste nuen ez nuela balio horretarako. Baina bera korrika mendian ikusi eta saiatzea erabaki nuen. Behin probatuta, konfiantza hartu eta hortxe jarraitzen dut. Orain, urtean bi lasterketa bakarrik egiten ditut errepidean: Behobia-Donostia eta Arrasate-Oñati.

Nola prestatzen dituzu mendiko probak?

Mendiko probek intentsitate handiagoa eskatzen dute eta nekatu behin baino gehiagotan egiten gara. Beherakoan errekuperatu egin behar da, gero berriro igotzeko. Errepidean martxa hartzen duzu eta  bazoaz. Horregatik, lasterka egiten entrenatzen naiz, baina lauak ez diren ibilbideak hartuta. Horretarako ez dugu Oñatin batere arazorik; etxetik irten besterik ez dut egin behar: Aurreko Mendia, Murgia... Udaberriko arratsaldetan Urtiagaindik Aloña aldera igotzea ikaragarria da niretzat.

Umeak zaindu, klaseak eman eta kirola egin. Nola moldatzen zara?

Gustatu egin behar zaizu, bestela ezinezkoa da. Nire kasuan, senarrarekin konpontzen naiz kirola egiteko: ni entrenatzera banoa, bera etxean. Eta familiak ere laguntzen digu batzutan, biok batera parte hartzen badugu. Eta, beti eduki behar duzu argi non zauden; nik ezin diot kirolari nahi beste denbora eskaini.

Bi urte inguru daramazue Abixaran taldearekin. Nolako balorazioa egiten duzu?

Uste dut emakume korrikalarioi asko eman digula Oñatin. Eta hori izan da Abixaranek ez digulako ezer eskatu. Partaide bakoitzak pentsatu du, momentu bakoitzean, zer eta nola eman. Gure artean teknologia berrien bidez komunikatzen gara; lasterketa bat bada, elkarri animoak eman; entrenatzeko asmoa badu batek, berarekin batera norbait animatzen ote den galdetu... Aurreko domekan, esaterako, lasterketaren aurretik eta  ostean animatzeko mezu mordoa bidali zidaten. Eskertu egiten duzu hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak