Duela urtebete grabatu zenuten diskoa; zelako erantzuna izan du?
Ona izan da; disko askorik ez dugu saldu, baina dagoeneko diskoen salmentak behera egin duela argi dago. Diskoa 2011ko Gabonetan grabatu genuen AME estudioetan eta emaitzarekin nahiko ados geratu ginen. Hala ere, Axular teknikaria beste musika mota batzuk grabatzera ohituta dagoela antzeman genuen emaitzan. Estudioan Iban Loco oñatiarra ere bazegoen, eta hark hobeto ulertu zuen taldearen nondik norakoa.
Beraz, emaitzarekin pozik, baina...
Lehenengoa izateko ez dago gaizki, baina, gure ustez, indarra falta zaio. Gure kantuek gorabehera asko dituzte; esaterako, kantu batzuetan zazpi erritmotik gora daude, eta hori ez da ondo sentitzen diskoa entzutean. Esate baterako, guk kantu baten pasarte bat ondo gera dadin, 15 toma edo hartualdi grabatu behar baditugu, ez zaigu axola.
Nolako banaketa egin zenuten?
Oñatiko tabernetan, kontzertuetan eta orain dela gutxi Bergarako gaztetxean jarri ditugu salgai. 500 kopia egin genituen eta 100 inguru saldu ditugu. Orain dela urte batzuk jende gehiagok erosten zuen musika; horregatik, hurrengo grabazioa beste era batera planteatuko genuke. Askotan, ez du zentzu handirik dirutza bat ordaintzea; gure ustez, Interneten kantuak jarriz gero, jende gehiagok entzuten ditu.
Eta ordutik hona zertan ibili zarete?
2012a urte nahiko lasaia izan zen, lan kontuak tarteko ez genuen kontzertu askorik egin. Gehienbat, entseatzen egon ginen eta hiruzpalau kantu berri egin genituen. Taldekideak koadrilakoak gara betidanik; beraz, ez daukagu inongo presiorik, nahi dugun edo ahal dugun erritmora egiten ditugu gauzak. Kontzertuetara ere jende gutxiago doa azkenaldian; gaur egun egubakoitzean taberna baten jotzera joanez gero, askotan, tabernaria eta bi lagun besterik ez dago. Hala ere, aurten kontzertu gehiago egin ditugu. Gernikako Tooth taldearekin harreman ona egin genuen San Migel Txikitan jo genuen kontzertuan eta ordutik hona zortzi bat kontzertu eman ditugu elkarrekin.
Pozgarria da taldeen arteko hartu-eman hori, ezta?
Bai, inguruan ez dago guk egiten dugun musika mota egiten duen talde askorik, eta Toothekin hasieratik konexio hori lortu genuen.
Zuen musika definitzea ez da lan erraza; ze talderen eragina daukazue?
Gure musika post-hardcore bezala definitu dute, baina, egia esan, nik neuk ez dakit post-hardcorea zer den. Horrez gain Tool, Lisabö edo Unsane taldeen influentzia dugula ere esan digute. Nire ustez, baina, gure musikarekin antzekotasunen bat duen talderen bat aipatu beharko banu, Dut izango litzateke. Hala ere, alde handia dago Duten eta gure artean. Influentziei dagokienez, lauronak nahiko antzekoak dira, txikitatik lagunak gara eta denok Sepultura, Metallica eta RATM bezalako taldeekin hazi ginen. Orain, baina, nork bere bidetxoa egin du.
Eboluziorik igarri duzue diskoaren eta kantu berrien artean?
Bai, orain ideiak argiago ditugula esango nuke. Kantuak gogorragoak dira, lelo errazak alde batera utzi ditugu. Nahiago dugu zarata atera eta publikoa aspertzea!