Aktoreen belarrietara ere heldu ziren entzuleen barre algarak: “Gustura barrezka entzun ditugu, bazegoen bat bereziki, izugarrizko barre-atakeak zituena" zioen Ramon Agirrek. Gustura zen, Agirre, debagoienean estreinakoz egindako Bejondaigula emanaldiarekin eta baita jarlekuan batutako zale kopuruarekin ere.
Gustura ziren, era berean, jarlekuetan zeuden ikusleak ere: “Denbora baterako nahikoa barre egin dugu” edo “oso atsegina eta erritmo handikoa izan da, sekulako gorputz espresio aberatsa dute, eta nahiz eta gai potoloen gainean jardun, samur barre egitera bultzatzen zaitu” . Horiek izan ziren, besteak beste, ikusleei jasotako iritziak. Saioa amaituta ikusleek oparitutako txalo zaparradek bermatu zuten egindako lan ona.