Itziar Ugarte: "Prosako lana idazten esperimentatzen jardun dut, jolasten ibili naiz gustura"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko eka. 2a, 02:00

Itziar Ugartek, Oñatiko Txantxiku ikastolako batxilergoko 2. mailako ikasleak, hirugarren aldiz irabazi du Urruzuno saria.

Zorionak! Oraingoan, poesiaz gainera, prosan ere bai.

Iaz saiatu nintzen, baina ez zitzaidan gustuko ezer atera. Oraingoa esperimentazioa izan da. Jolasten ibili naiz.

Azal egiguzu bakoitza.

Prosa ataleko Eulegunetako sugandila zaila da azaltzen, interpretaziorako malgutasun handiarekin jolastu dut, eta harrituta eta pozik nago zenbat irakurketa ezberdin egin dituzten irakurri dutenek. Katebegiak idazterakoan, argiago neukan zer nahi nuen. Hala ere, zaila da azaltzen, norberaren askatasunaren inguruan, nolabait laburtzearren.

Sarritan idazteko ohitura duzu? 

Ez dut egunero idazten. Momentuak ditut; batzuetan gogoa daukat, baina beste batzuetan ez. Lasai hartzen dut, ez dut diziplinarik jarraitzen. Batzuetan behar nezake nire burua lanen bat aurreratzeagatik, baina ez beti.

Eskuz ala ordenagailuz?

Denetik; koaderno pila bat dittut, apunteetan ere bai, orri solteetan, ordenagailuan... Idatzi behar dudanaren arabera baino gehiago, idazten nagoen momentuaren arabera aukeratzen dut.

Gustuko idazle bat?

Ingurukoek esaten dute Joseba Sarrionandia dudala gustukuen; egia da asko irakurri dudala, baina zaila zait bakarra aukeratzea. Min ematen didan arren, aitortu egin behar dut emakumeek idatzitako literatura askorik ez dudala irakurri.

Saria ez dugu aipatu: lehen, bidaia bat izaten zen; orain, berriz, egonaldi literario bat. Ez da gutxi!

Bai; biak probatu ditut eta biak dira oso onak. Lehenengo urtean, Bretainian eta Frantzian zehar bidaiatu nuen eta iaz, berriz, murrizketak medio, egonaldi literario baten izan nintzen. Lau eguneko egonaldian, goizetan Yolanda Arrieta idazlearekin sorkuntza tailerra egiten genuen eta gero, arratsaldeetan, beste hainbat saio hitzaldi edo beste hartu-eman batzuk idazleekin. Oso gustura egon nintzen. Aurtengo egitaraua oraindik ez dakigu. Elgoibarko Aubixa aterpetxean izango da, irailean.

Animatuko zenuke Urruzuno lehiaketan parte hartzera?

Bai, bai; duda barik. Akaso, batzuendako aurreko saria erakargarria izango zen, baina zure zaletasuna beste batzuekin konpartitzea ere ikaragarria da! Oso lagun onak egin ditut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak