Drakes: "Hamargarren urteurrena ospatzeko lagunarteko festa bat egin dugu"

Jagoba Domingo 2013ko mai. 29a, 02:00

Hamargarren urteurrena ez da egunero ospatzen; horregatik, Drakes oñatiarrek lagunez inguratuta eta musika joaz gozatzea erabaki dute data berezi hori. Zapatuan Oñatiko gaztelekuan bi belaunaldi elkartu ziren oholtza gainean, 80ko hamarkadako Odio eta Basura oreretarrak eta mende berriko Sutura eta Drakes. Azken horiek zoriontzeko eta taldearen ibilbidearen eta etorkizunaren errepasoa egiteko Pasku eta Muru-rekin izan gara solasean. Zorionak!

Has gaitezen hasieratik.

Beste hainbat gazte bezala, garaje batean jotzen hasi ginen, 16 urte genituela, ni [Pasku], Arzu eta Lumbre. Oñatin aspertu egiten ginen eta musika jotzeari ekin genion. Orain dela hamar urte ez zeuden gaur beste talde, Oñatin geu, Golpe de Estado, Sharon Stoner eta besteren batzuk, baina ez zen gaur daukagun eszena. Beraz, hasi bezain laster zurrumurrua zabaldu zen herrian beste talde bat zegoela eta handik gutxira eskolak antolaturiko kultura jardunaldi batzuetan jo genuen lehenengo kontzertua, 2006ko maiatzaren 23an, gaztelekuan. Bad f-Line taldearekin batera jo genuen, bertako piano-jolea eskolako irakaslea zen eta. Hasieran hirukote bezala hasi ginen; bateria, gitarra eta ahotsa, baina lehenengo kontzertua eman baino hiru aste lehenago, Josh ezagutu genuen eta oraindik ere gurekin dago. 

Eta 2006an lehenengo maketa.

Bai, Kirrin-ekin grabatu genuen, bere etxean, eta, horren ondoren, Alex taldekide berria batu zitzaigun bigarren gitarra-jole bezala. Maketa aurkezten kontzertu dezente eman genituen eta 2007an Danbaka lehiaketan parte hartu genuen, eta publikoaren saria irabazi. Handik bi urtera, Arzu bateria-joleak makilak utzi zituen eta Muru sartu zen haren ordez.

Ondoren, Si nos dejan no Keremos diskoa heldu zen.

2010ean kaleratu genuen diskoa, eta maketarekin alderatuz ezberdintasun ageriak ditu. Lehenengo disko luze hura Asturiasko Santo Grial diskoetxearekin kaleratu genuen, eta, horri esker, banaketa ona izan zuen. Maketarekin Euskal Herriko hainbat txokotara heldu ginen, baina Si nos dejan no Keremos diskoarekin beste pauso bat eman genuen. Bitxikeria bezala, disko honi esker Latinoamerikatik animoak jaso ditugu egindako musikagatik. Hala ere, bertan musika frikiak direla ere aipatu behar dugu, musika oso gustuko dute eta Euskal Herriko punk mundua asko esploratzen dute.

Zuek egiten duzuen punkak ez dauka zerikusi handirik inguruan egiten den punkarekin.

Bai; hemengo punka baino, gure estiloa kanpoko punketik gertuagoa dagoela esan digute askotan; adibidez El Ultimo Ke Zierre, Marea, La Polla, Reincidentes edo Disidencia bezalako taldeen koordenadetan. Hala ere, betidanik punk musika egiten saiatu gara, gure gustukoa delako eta hori egin nahi dugulako. Gure oinarria punk musika eta hitz kritikoak dira.

Horren erakusle, Boikot taldearekin jo zenuten kontzertua.

Hala da, abenduan jo genuen eurekin Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Boikotekoek lehiaketa bat jarri zuten martxan euren kontzertuetako gonbidatuak aukeratzeko, eta Euskal Herrian jo zuten kontzertuan Drakes aukeratu zuten. Esperientzia polita izan zen.

Eta zapatuan X. urteurrena ospatu zenuten.

Hamar urte ez dira egunero betetzen, eta guk lagunartean ospatzea erabaki dugu. Horretarako, Basura, Odio eta Sutura taldeekin jo genuen herenegun. Bi belaunaldi ezberdin batu genituen oholtza gainean. Basuran eta Suturan jotzen duen Endika lagun dugu, eta Oñatin jotzeko gogoa zuen aspaldi; beraz, zapatuan denok elkartu eta kontzertu berezia egin genuen. Gainera, Endikak berak gurekin jo zuen, Boikot taldearekin emandako kontzertuaren ostean, Alexek taldea utzi zuelako.

Eta hemendik aurrera?

Denboratxo bat daramagu lokalean lanean; beraz, litekeena beste disko bat grabatzea da. Baina gure erritmora egingo dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak