Naturaren eta historiaren batuketa, Arantzazutik

Kondairaren arabera, Arantzazuko Ama Birjina Aralarko San Migeletik bueltan zetorrela atseden hartu zuen Biozkornia inguruan. Harkaitz baten eseri zen, aulki itxura duen harkaitz baten. Durun gora eginda iristen da leku horretara, Biozkorniara. 

Urbiara iristeko pasabide oso garrantzitsua da hori goierritarrentzat, bereziki, Zerain eta Zegamatik datozen erromesentzat. Eta Ama Birjinaren Silla, Biozkorniako pasoa eta, orokorrean, Urbia bera sakon eta historian atzera eginez ezagutzeko aukera paregabea izango da ekainaren 9an, Arantzazu Parketxearen eta Arantzazuko Adiskideen bitartez. 

Urbia, poljea 

Izan ere, Urbia ondo ezagutzen dutela pentsatzen duten askok ez dute jakingo haitz arteko lautada berde oparo horren jatorria zein den. Izen berezia dauka: poljea. Labur esanda, poljea zera da, Wikipediak esanda: Haran luze eta itxi antzeko sakonune bat, tamaina handikoa, arroka karstikoko mendiartean dagoena, hondo laua duena eta inguru ez erregularrak. Ertzak oso maldatsuak dira eta bertan kareharria azaltzen da. Hobi batetik desagertzen den errekasto batek zeharkatzen du. "Kanpoan dauden sedimentuak joaten dira metatzen sakonune horretan eta sedimentu horiek sortzen dituzte belardi oso emankorrak, eta poljeak normalean izaten dira artzain lekuak, belardi emankor horiengatik. Urbia da polje bat eta Degurixa da beste bat", jakinarazi du Arantzazu Parketxeko Miren Elgarresta zuzendariak. "Naturaren bidez sortutako lekuak dira eta gizakiok halako lekuetan nola egokitu garen ezagutarazten dugu, kasu honetan jarduera ekonomiko bat aurrera eramateko". 

Ikusi eta ikasi

Bada, halakoak eta beste ikusi eta ikasten dihardute laugarren urtez Arantzazu Parketxeak Arantzazuko Adiskideekin batera antolatutako ibilbide gidatuetan parte hartzen dutenek.

Eta justu horrexegatik ibilaldi bereziak dira horiek, ohiko mendi-bide edo sendak albo batera lagata, berriak ezagutarazten dituztelako, eta, gainera, adituek gidatuta, dituzten aberastasunak agerian lagata. "Gehienetan, parketxekoak arduratzen gara inguruari dagokion dokumentazioa batzeaz eta bisitariei helarazteaz, baina, batzuetan, bestelako adituak gonbidatzen ditugu gidari lanak egin ditzaten. Ez ditugu oso azalpen magistralak egiten; taldea oso anitza izaten denez, bitxikeriak-eta kontatzen ditugu batez ere".

Urrira bitartean, lau ibilaldi 

Aurtengo sei ibilaldi antolatu dituzte. Bi eginda daude (Orkatzategi eta Degurixa). Eta egutegian hurrengo datorren hitzordua ekainaren 9koa da. Andraitz-Aizkorri-Aratzeko karst-ak ezagutuko dituzte egun horretan. "Geologian oinarrituko gara, batez ere. Aloñatik Aizkorrirako mendi-zerra, Urbiako poljea; lur azpian benetan dagoela ur erreserba handienak, azalean ikusten ez direnak… Hori guztia ikusiko dugu Ama Birjinaren Sillatik Zegamako bidea hartuta, gorantz eginda, Andraitz pasabidera heltzen, leporaino. Ez goaz gailurra egitera. Andraitz pasabidetik garai batean, eta oraindik ere, artalde batzuk hortik ere sartzen dira Urbiara. Urbiako oso ikuspegi ezberdina izango dugu".  

Hitzordua 09:00etarako egin dute, Arantzazuko aparkalekuan; hiruzpalau orduko ibilbidea izango da. Eta, behin bukatuta, nahi duenak aukera izango du taldean Urbiako fondan bazkaltzeko. 

Egun erdi eta familia osoa

Gutxi gorabehera, horiexek dira Arantzazutik antolatutako ibilbideen ezaugarri orokor eta komunak: 09:00etan atera eta egun erdiko ibilaldia egiten dute. Beste bat aipatzearren, azpimarragarria da, baita ere, familia osoari zuzendutako ibilaldiak direla. "Irteera aurretik zailtasun maila adierazten ahalegintzen gara, eta, adibidez, Andraitzerako irteera zaila moduan ipini dugu, batez ere, egin beharreko distantziarengatik. Baina gainontzeko guztiak oso eskurakoak dira, nahiz eta aldapa izan. Gomendatzen da,  hori bai, jantzi erosoak, botak eta makila ekartzea. Mendira etortzen garenean, eta parke honetara, bereziki, aldapak daude. Eta oso kontuan hartu behar da hori", adierazi du Arantzazu Parketxeko zuzendariak.  

25-50 lagunek parte hartzen dute. "Lehen deialdian 90 lagun azaldu ziren. Gero, gorabeherak izan genituen eta aurten, 25-50 bat lagunen bueltan ibiltzen gara", zehaztu du Elgarrestak. "Gainera, datozenak oso gustura eta babestuta sentitzen dira. Arantzazuko Adiskideko lauzpabost lagunek sherpa lanak egiten dituzte, inor ez da bakarrik uzten; erritmo guztietara egokitzen gara".  

-----------------

Parketxearen eginkizuna

"Gizaldiz gizaldi gizakiok naturan idatzi dugun historia interpretatzea da gure asmo orokorra. Baita ere jendeari ezagutaraztea sendak. Parke handiena da Gipuzkoan eta sendaz josita dago. Bi-hiru… baino ez ditugu ezagutzen eta saiatzen gara senda berriak-eta erakusten. Eta transmititzen naturak merezi duen errespetua. Demostratuta dago ezagutzen diren gauzak maitatzen direla, eta, hala, errespetu eta sentsibilitatea piztea da asmoa. Dudarik gabe, parkea ezagutaraztea da helburu orokorra".

-----------------

Hurrengo mendi ibilaldiak

Uztailak 20: Aloñako ilunabarra. 18:00etan Arantzazutik aterata, asmoa da ikustea  gailurrean eguzkiaren jaitsiera. Eta era berean, iluntzean mendi buelta egitea ezohikoa da, jende gutxik izaten duen esperientzia. "Ipurtargiak ikusteko egunik politena. Umeendako irteera zoragarria da". 

Irailak 15: Sekilaga-Zurkutz, Calahorrako bidea. Bitxia da bide hori, Gipuzkoa eta Araba arteko merkatarien bidea, eta, ondorioz, estraperloa ere egiten zen. San Inazio de Loiola bertan egondakoa da.     Gure historiaren errepasoa egiten dute.

Urriak 13: Oñati-Arantzazu. Errepidetik igo beharrean, basoak zeharkatzen…Arrikrutzetik igotzea da asmoa.  

-----------------

Parketxeak egiten dituen jarduerak

Harrera lekua: Parke naturala ezagutzera etortzen diren bisitari guztientzat ateak irekita daude nahi duten informazioa jasotzeko. Normalean, jendea inguratzen da aisialdiaren helburuarekin.

Interpretazio zentroa: 600 m2 pasako erakusketa du. Kanpoko elementu esanguratsuenak daude islatuta museografiaren bitartez. "Bisita gidatuekin interpretatzen laguntzea da eginkizun nagusia. Baina erakusten dugu benetan parkearen edertasuna kanpoan dagoela. Ingurumen heziketa eta txangoak finkatuta ditugu". 

Argazkigintza*: Bigarren modulua egin gura dute, ekainaren 29an eta uztailaren 13an. Izena eman daiteke. 

Olerkia*: Iaz Gandiagarekin egindakoaren moduko ekimen bat, olerkia balioan jartzeko.

Pottokak*: Pottoka Lekurekin elkarlanean, pottokaren historia eta garrantzia adierazteko.

Gastronomia*: Jaki dastatze edo tailerren bat.  

Zuhaitzak* Zuhaitz motzak, eta zehatzago, pago motzak ezagutuko dituzte. 

*Aurtengo ekintza espezifikoak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.