'Ez gara Palestinaz ari' ikuskizun arrakastatsua izan zen Oñatin

Imanol Beloki Unamuno 2013ko maiatzaren 26a

Bertsoa, poesia eta musika uztartu zituen ikuskizun berezi horrek egubakoitzean. Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek, Aitor Atxega gitarra - jotzaileak eta Imanol Kamio piano eta akordeoilariak egin zuten emanaldia. Oñatiko Bertso Eskolak antolatutako ekitaldia izan zen eta bertsoekin batera, poesiak, zenbait esketxek  eta grabatutako musikak osatu zuten ikuskizuna.

Publikoaren aurrean biluztu egin ziren bertsolariak, barnean ditugun emozioak azaleratuz. Minak, frustrazioak, konplexuak, desioak, amorruak azaleratu zituzten, eta euren buruaz barre ere egin zuten. Eguneroko arazo, sentimendu  eta beldurrek pisu handia hartu zuten emanaldian, eta gu guztiok nolakoak garen azaltzea izan zen ikuskizunaren helburua.
Umore puntua ikuskizunaren amaieran etorri zen, bereziki: euren burua parodiatu zuten, bertsolariak bertsoa bota behar duen unean burutik pasatzen zaizkionak kontatuz.

Bertso eskolakoak pozik

Antolatzaileak oso gustura gelditu ziren ikuskizunarekin, taldeko kide Iñaki Olaldek azaldu duen moduan.
Santa Ana antzokira 120 lagun inguru gerturatu ziren, jende gaztea, gehien bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak