Hamar urte pasa dira gaztetxoz osatutako Drakes taldeak lehen kontzertua eman zuenetik. Gaztelekuan izan zen emanaldi hura, eta, ordutik hona kontzertu pila bat eman badituzte ere, oholtza gainera lehen aldiz igo ziren lekura bueltatuko dira 10. urteurrena ospatzera.
Kontzertua grabatzeko asmoa du talde oñatiarrak, zuzeneko diskoa kaleratzeko gero.
Punk kontzertu mitikoa
1983ko apirilaren 16an punk kontzertua izan zen Oñatiko plazako pilotalekuan. Cicatriz en la Matriz, RIP, Vulpess, Odio, Basura, Cirrosis, Desorden eta Ultimo Resorte taldeek jo zuten orduko hartan, eta zenbait oñatiarrek gogoan du oraindik.
Orduan bizi izandakoa oroitzeko aukera izango dute talde haietatik bizirik dirauten Odio eta Basura taldeekin. Berrikuntzak izan dituzte biek, kide berriekin indarberritu dira, baina aldarrikapen mezuak zabaltzen jarraitzen dute.
Sutura taldea, berriz, bere 15 urteko ibilbidea jasotzen duen 15 años diskoa aurkeztera dator Oñatiko Gaztelekura.