Zirko tailerra da, besteak beste, Antixena gaztetxean ekainerako antolatu dituzten ekitaldietako bat. Horrez gain, baina, badira beste ekintza batzuk, adibidez, San Juan bezperako asteburuan egingo duten kanpaldia. Ekainaren 21ean, eta 22an egingo dute eta 23an, San Juan sua.
Taberna zabalik
Kontzertuak ere egingo dituzte ekainean zehar Antixena gaztetxean. Ekainaren 1ean, adibidez, Olaztiko Stupenda Jones eta Oñatiko Bitz taldeek joko dute. Aurretik, poteoa egingo dute Etxaluzetik hasita. Hilaren 7an, berriz, El trio Calavera talde oñatiarrak joko du. Hilaren 15ean, berriz, I. Alde Hemendik egun nazionala egingo dute Oñatin, Fan Hemendik egunarekin batera, eta Antixena gaztetxeak bat egingo du egun horrekin.
Bestalde, ekainetik aurrera zabalik egongo da gaztetxeko taberna, asteburuetan. Udan, gainera, egunero zabalduko dute.
Egubakoitzean, Josu Zubia
Ekainean sartu aurretik, baina, eta maiatza bukatzeko, kontzertua egongo da gaztetxean. Josu Zubiak eskainiko du kontzertu hori egubakoitzean, hilak 31. Zubiak gaztetxean bertan egingo du emanaldia, 18:30ean.