Gaur –egubakoitza– (18:00) Estudiantes izango dute aurrean: "Ilusio berezia egiten dit euren kontra jokatzeak, talde horretako zale naizelako", diosku Eneko Blancok, baina txarto datorkie fasea euren kontra hastea: "Joko erabat ezberdina dugu, talde gaztea da, azkarra, bat-bateko oso ona duena". Partidu hori ez da erabakigarria izango, baina dezente baldintzatuko du fasea, eta ezingo lukete beste akatsik izan. "Zapatuan kataluniarrak izango ditugu aurrean, Hospitaletekoak, eta horiek bai, gure antzeko taldea dute. Esperientziaduna, joko motelagoaz. Baina, barne jokoan oso jokalari onak dituzte, eta gure barne jokoari dagokionez, albiste txarrak izan genituen joan den astean [De la Iglesiaren eta Cavadaren lesioekin]".
Eta, Plasenciaren kontra jokatuko dute domekan: "Ea zelan iristen garen bi taldeak partidu horretara. Berez gu izan gaitezke faborito, baina ligako azken partiduan 800 ikusle izan zituzten animatzen, eta fasean aurreikusten da 1.000 izango dituztela".
Jarraipen zabala gurean
Igoera fasea urrun jokatuko badute ere, asteburuan jarraipen zabala egingo zaio Natra Oñatiren igoera faseari. Atari honetan, faseko partidu bakoitzaren informazio eguneratua izango duzue, eta Goiena paperak astelehenean bi orrikoa jasotzeaz batera, Harmailatik saioan (22:00) izango ditugu Iagoba Gamarra, Eneko Blanco eta Gorka Judez. Gainera, taldeko prentsa arduradun Aratz Losada Goienarekin kolaboratzen izango da Plasencian; hala, igoera fasea barru-barrutik bizi ahal izango dugu astelehenean bertan.
Losadak berak ere jarraipen zabala egingo dio faseari bere webgunean (www.ok-magazinea.com), eta gaur bertan zortzi orriko gehigarria zintzilikatuko du sarean, faseari buruz jakin beharreko guztiaz.