Oñatiko ikastetxe guztietako (Urgaiñ, Elkar Hezi eta Txantxiku) 1.000 ikasletik gora, Eskola Agenda 21 heziketa-programan parte hartu dute, herriko egoera aztertu eta udal ordezkariei hobekuntzak proposatuz. Sortzen ditugun zaborrak izan da aurten heziketa-programan landutako gaia; eguaztenean zeuzkaten ideia original eta interesgarriak botatzeaz gain, gaiaren inguruko zalantza eta kezka nagusiak azaldu zituzten.
Udal ordezkariekin ideiak elkarbanatuz
Ikasturte bakoitzean garapen iraunkorrarekin loturiko gai baten azterketa egiten da, eta 2012-2013 ikasturtean hondakinen diagnostikoa landu da. Egungo egoera aztertu ondoren, herrian aurkitutako arazoak konpontzeko proposamenak luzatu zizkieten udal ordezkariei. Maiatzaren 22an ospaturiko udalbatzarrean, ikasleek egindako proposamen bakoitzari erantzuna eman zitzaion, eta Udalak etorkizunera begira proiektuak azaldu zituen.
Konpromiso eta ideia ezberdinak
Modu berean, ikasleek herriko egoera hobetzearen alde hartzen dituzten konpromisoak aurkeztu zituzten: besteak beste, honadakinak gaika sailkatu, bilgarri gehiegi dituzten produktuak saihestu, arraina eta haragia erosteko orduan tuperra erabili edo konposta egiteko kanpainian parte hartzea.
Proiektua garatu ahal izateko, hezkuntza-komunitate eta Udalaren arteko harremana ezinbestekoa da.